Badator Vendettaren agurra

Bizkaie! 2018-12-28 09:41   Musikea

Hamar urteko ibilbidearen ostean, azken kontzertua joko dabe gaur, barikua, Atarrabian.

Hamarkada batez kontzerturik kontzertu ezagutu doguz Vendettako musikariak, beti zaleakandik hur, Euskal Herriko musika eszenako gaur egungo talderik arrakastatsuenetako bat bihurtu arte. Baina bide guztiek dabe amaierea, eta Pello Reparazek eta konpainiak erabagi dabe orain dala proiektua ixteko momentua.

Amaierea iragarri ebenetik kontzertu batzuk jo ditue, baina behin betiko agurra gaur izango da, Atarrabian (22:30ean hasita, ateak 21:00etatik edegita). Emonaldi gogoangarria izango dala ziur esan geinke, musikarien inplikazinoari eta publikoaren erantzun beroari esker. Zaleak erakarteko leku eta egun egokia aukeratu dabe, bihar Hatortxu Rock jaialdi ezaguna izango dalako Atarrabian. Vendettaren agurra agertoki berean egingo dabe.

Hamar urtean bost disko luze plazaratu ditu Vendettak. Taldearen izen bera dauen lana izan zan lehenengoa, 2009an, eta laster etorri zan Puro Infierno (2011). Ondoren, Atzo, gaur eta bihar kaleratu eben 2012an, eta azken biak 13 balas (2014) eta Bother (2016) izan dira. Ska doinuak izan dira beti Vendettaren oinarria, reggaea eta beste estilo batzuk ahaztu barik. Azkenaldion, musika elektronikoak be lekua hartu dau euren konposizinoetan.

Zuzenekoei jagokenez, Vendetta ez da izan geldirik egoteko taldea. Euskal Herriko bazter guztietan emon ditue kontzertuak, baina, horrezaz gan, atzerrian be jo dabe. Esate baterako, Saharan, Perun, Txilen eta Argentinan ibilita dagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu