Trilobiteei buruzko erakusketea Mañariko Hontza Museoan

Bizkaie! 2018-12-27 08:58   Kulturea

Erakusketea 2018-19 ikasturte osoan izango da ikusgai.

Neseuretus avus Hammann espezieko trilobitea (1977). | Ikusi handiago | Argazki originala

Trilobiteak gure planetan bizi izan diran artropodo bitxi eta harrigarrienetakoak dira. Itsas bizidunei jagokenez, nagusi izan ziran gure ozeanoetan 290 miloe urtean, gitxi gorabehera, Paleozoiko osoan (Kanbriarretik Permiarrera), askotariko eiteak eta biziteko erak garatuta.

Trilobiteen inguruan gehiago jakiteko, Hontza, Durangaldeko Natur Zientzien Museoak, Luberri, Oiartzungo Ikasgune Geologikoagaz alkarlanean, itsas bizidun horreei buruzko erakusketa jakingarria antolatu dau, Hontzaren bildumetan oinarriturik. Erakusketea 2018-19 ikasturte osoan izango da ikusgai.

Horrezaz gan, 2019ko urtarriletik aurrera, Paleozoikoari buruzko erakusketa bat jarriko dabe Hontzan. Bertan, Paleozoikoan bizi izan ziran beste organismo batzuen fosilak ikusi ahal izango dira.

 

Gabonetako Postal Lehiaketea


Mañarian dagoan Natur Zientzien Hontza Museoak ekosistema ezbardinak jagoteak dauen garrantzia gogoratu nahi dau eta umeen inplikazinoa bultzatzeko, Irudikatu zure gabonak animaliakaz lelopean, postal lehiaketea jarri dau martxan.

Postal lehiaketa honetan 5-11 urte bitartekoek parte hartu leikie. Lanak kartulinan eginak izan beharko dira eta gehieneko neurria 16 X 25 cm-koa. Egile bakotxak lan bakarra aurzkeztu ahal izango dau, teknika eta kolore librean.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago eta Hontza Museoaren egoitzan entregau ahal izango ditue 2019ko urtarrilaren 3rarte. Lanak gutun-azal zarratuan aurkeztuko dira, eta bertan zein kategorikoa dan aitatu beharko da. Gutun-azalaren barruan umearen izena, edadea eta herria idatziko dira, eta guraso edo tutorearen datuak: izen-abizenak, telefonoa, posta elektronikoa eta sinadurea.

Lanak postaz be emoteko aukerea dago, helbide honetara bialduta: Hontza Museoa. Kirikiño Kalea, 18, 48212 Mañaria

Hiru sail ezbardinetan emongo dira sariak:

1. Saila: 5 urterarte.
2. Saila: 6-8 urte bitartekoak.
3. Saila: 9-11 urte bitartekoak.

Sariak natureagaz eta ingurumenagaz zerikusia daben liburu-txortak izango dira, sail bakotxean saridun bakarra izango dalarik.

Sariak emotea urtarrilaren 4an egingo da Hontza Museoan bertan, arratsaldeko 18:00etan. Lan guztiak urtarrilaren ikusgai egongo dira museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu