'Geurera', euskerazko azpitituluak Lekeition

Bizkaie! 2018-12-21 11:53   Zinemea

Film entzutetsuak azpitituludun jatorrizko bersinoan dakarz zikloak.

'The Martian' urtarrilaren 3an emongo dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Zine Bilereak eta Zinemazaleak Alkarteak martxan jarri dabe Geurera programea Lekeition. Hiru hilerik behin, nazinoartean ospe handia daukan film bat emongo dabe, jatorrizko bersinoan eta euskerazko azpitituluakaz. Helburu bi ditu ekimenak, bultzatzaileen arabera: pelikulak jatorrizko hizkuntzan ikusteko zaletasuna sustatzea, eta zinemea ikusteko orduan euskerea zabaltzea.

Urriaren 4an emon eben zikloko lehenengo filma, Damien Chazellek zuzendutako La La Land. 2019ko programazinoan, lau film emotea pentsau dabe, hau da, hiruhileko bakotxean bat. Eguen iluntzeetan izango dira proiekzinoak, 20:30ean, Lekeitioko Ikusgarri aretoan.

Lehenengo saioa laster izango da, urtarrilaren 3an. Ridley Scott entzutetsuak zuzendutako The Martian emongo dabe. 2015eko film horretan, zientzia fikzinoa eta abenturea buztartzen dira. Martera jentedun ontzia bialdu dabe, baina astronautetako bat hiltzat jo dabe, eta Marten itxita bueltau dira ganerako kideak. Baina bizirik dago, eta hornidura gitxigaz eta Marteko ingurune arrotzean biziraun beharko dau. Matt Damon da aktore nagusia.

Hurrengo proiekzinoa apirilaren 4an izango da, Jean-Marc Valléeren Dallas Buyers Club. Garagarrilaren 4an, Martin Zandvlieten Land of Mine emongo dabe. Uda osteko emonaldiaren barri aurrerago emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu