'Izen, Izan', izaki mitologikoz betetako baso biziduna errotu da Bilbon

Bizkaie! 2018-12-21 09:04   Kulturea

Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, baso biziduna ikusgai egongo da Zabalgune eraikineko atrioan.

Izen, Izan da abenduaren 20tik urtarrilaren 5era arte Zabalgune eraikineko atrioan ikusgai izango dan baso bizidunaren izena. Bilbao 700 Fundazinoak Ur Partzuergoaren babesagaz produzidutako erakusketa honek baso bat irudikatzen dau eta hor arbolek bizitzea sortzen daben espazio bizidun bat osotuko da. Izen, izan etenbarik mobiduten dagoan espazio bat da, euskal lurretako hainbat elementu eta legenda erakutsiko deuskuzana.

Basajaunek, euskal mitologiako protagonista handienetako batek, ondo-etorria emongo deutsee ikusleei eta lurragaz lotutako hainbat legenda eta personaiak izango ditu berbagao. Eta xuxurlaka entzungo ditugu basoko jaunaren istorioak, Marirenak, eta bere umeen aita Sugaarrenak. Eta ezin ahaztu laminak, eta naturearen sekretuak gordeten laguntzen daben elementu, ikur eta animalia guztiak.

Bilbao 700 Fundazinoaren erakusketea zabalik egongo da egun osoan, baina basoa basoago izango da arratsaldeko 17:00etatik aurrera, neguko eguzkia sartzen danean.

Espazio bizidun eta magiko hori bart inaugurau dabe, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan izan da Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto. Aurkezpenean, hauxe nabarmendu dau alkateak: Erakusketa honegaz beste osogai bat gehitzen jako Bilbo Gabonetan be biziteko proposamenari. Zabalgune eraikinean kokatutako basoak badauka zeozer urte sasoi honi darion magiatik.

Ekitaldian izan da Miren Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazinoko zuzendaria be, eta ondoko hau azpimarratu gura izan dau: euskal mitologiari buruzko erakusketa bat da, edade guztietako personei zuzendua; baso bizidunean, era guztietako lagunak agertuko dira, batzuk ezagunak, eta beste batzuk...ez horrenbeste.


Egutegia

Erakusketea abenduaren 20an, arratsaldean, edegi da. Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era: etenik bako ordutegia: 11:30etik 19:30era. Abenduaren 24 eta 31 eta urtarrilaren 5a kenduta; egun horreetan ondokoa izango da ordutegia: 11:30 - 17:30

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean zarratuta egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu