Camdessus, Bereciartua, Redondo, Mena eta Urquijo: 2018ko Sabino Arana saridunak

Bizkaie! 2018-12-20 13:12   Kulturea

Urtarrilaren 27an jasoko ditue sariak Bilboko Arriaga Antzokian. 

Txomin Bereciartua abade eta gizarte nahiz kultura-ekintzailea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra-zuzendaria, Ana Urquijo abokatua eta higiezinen jaubetzako agentea eta Michel Camdessus ekonomialaria ditugu Sabino Arana Sarien 2018ko hartzaileak.

Sabino Arana Fundazinoak emoten dituan Sabino Arana sarien XXX. edizinoa izango da aurten. Sariok urtero-urtero emoten ditue euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrenean. Sari horreen bidez, Fundazinoak autortzea egiten deutsee gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasuna erakusten daben persona, erakunde edo alkarteei.

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu ditue aurtengo saridunak. Biek adierazo dabenez, Sabino Arana Fundazinoak Txomin Bereciartua abadearen eta Novia Salcedo Fundazinoaren sortzaile eta ohorezko presidentearen ibilbidea eta lan-jardun oparo zein emonkorra aintzatetsi eta saritu nahi ditu, hamaika gizarte, kultura eta hezkuntza-ekimenen bultzatzailea izan dalako.

Sari honen bidez, Sabino Arana Fundazinoak balioa emon nahi deutsee Txominen ekinbide solidarioari eta gure herriko gizarte eta kultura-erakundeakaz hartutako konpromiso sendoari, batez be, gazteen prestakuntza eta sustapenari jagokenez, izan be, Txomin Bereciartuak gure gazteen laneratzea eta balioen inguruko heziketea bultzatu ditu aisialdiko jardueren bidez, hainbat hamarkadetan, aisialdiko alkarte batzuen sortzaile eta sustatzaile izan dalarik, azpimarratu dabe Fundazinoaren arduradunek.

Beste saridunetako bat egun Cintruenigon bizi dan Donostiako idazle Dolores Redondo izango da. Dolores, besteak beste, Baztango trilogia izeneko liburu-sailaren egilea da, hau da, azken urteotan gaztelaniaz idatzitako liburuen egilea.

Literaturako sari eta autorpen ugari jaso ditu, miloeka irakurle ditu munduan, historian, liburu gehien saldu dauen euskal idazlea da eta munduko bazter guztietako 30 argitaletxek baino gehiagok argitaratu ditue donostiarraren lanak... Horregaitik guztiagaitik, Dolores Redondo literaturearen puntaren puntan dago gaur egun nabarmendu dabe Fundazinoko kideek. Ondokoa be adierazo dabe: Baztango trilogia Doloresen literaturako lan bikainenetakoa da, irakurlea erakarri, liluratu, txunditu eta hunkitu egiten dauen bitxia. Ganera, Baztan harana zabaldu dau mundu osora eta munduari ezagutarazo deutsoz euskal Pirinioetako enkantua eta bertako jentearen bihotza.

XXX. edizino honetan, Sabino Arana Fundazinoak Juanjo Mena zuzendaria be aintzatetsi eta saritu nahi dau, munduko orkestra ospetsuenak zuzentzen egindako lan bikainagaitik eta, bidenabar, Gasteizen eta Euskadiren oihartzuna munduko agertoki garrantzitsuenetara eroategaitik; estimu handian dabe gasteiztarra musika klasikoaren zaleek eta adituek. Juanjo Menaren ibilbide bikain eta egundoko gaitasunari esker, lehen urratsak Bilboko Orkestra Sinfonikoan egin zituan eta, besteak beste, Berlingo Filarmonikoa, Milango Scala, edo BBCko Filarmonikoa zuzendu ditu. Batuta miresgarria eta, ganera, musikearen zabalkundeagaz eta arteen nahiz kulturearen sustapenagaz sano arduratuta.

Ana Urquijo abokatuak eta higiezinen jaubetzako agente Ana Urquijok be autorpena eta saria jasoko ditu urtarrilaren 27an, bardintasuneranzko bidean, hesiak apurtzen aurrendaria izan da, gizonezkoak oraindino be nagusi diran arloetako zuzendaritzetan, besteak beste, kirolaren eta lan-munduaren esparruetan adierazo dabe fundazinokoek. Anaren konpromisoari eta borondate sendoari esker, arinago beste emakumerik sekula heldu ez zan lekura heldu zan: lehen emakumea izan zan Athletic taldearen zuzendaritzan (1990), lehen presidenteordea, eta lehen mailako euskal talde baten (Athletic) presidentea, 2006. urtean. Era berean, lehen emakumea izan zan Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldean, 1987an. Ana adibidetzat hartuta, Sabino Arana Fundazinoak aintzat hartu nahi ditu egunero-egunero lan handia egiten daben emakume guztiak, eta euren eredua, eskarmentua eta konpromisoa eskaintzen deutsiez gizarte bardinkidearen auzolanari.

Azkenik, Sabino Arana Fundazinoak Michel Camdessus, euskal herritar unibersala eta, XX. mendearen azken herenean, munduko ekonomiaren eragile nagusietakoa, aintzatetsi eta saritu nahi dau, garapen-eredu inklusiboaren aldeko ekarpenagaitik. Altxorreko zuzendari eta Frantziako Bankuko gobernadore izan zala, Europako ekonomiaren eta diruaren batasunean parte hartu eban; geroago, Nazinoarteko Diru Funtseko zuzendari-kudeatzailea zala, eginkizun garrantzitsua izan eban antxinako sobietar herrialdeak merkatu-ekonomiara igaroteko prozesuan: Merkatuak darabilen oihanaren legearen aurrean, edozein prezioren trukeko mozkinak handiagotearen aurrean eta eredu neoliberal edo zentralizatuen aurrean, garapen-eredu inklusiboa aldezten dau Camdessusek, eredu horrek personen duintasuna eta gizarte-kohesinoa bermatzen ditualako. Michel Baionan sortu zan eta, aurreko guztiaz gan, erabat konprometiduta dago hurreko inguruneagaz eta gure herriagaz adierazo dabe Fundazinoaren ordezkariek.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu