Guggenheimek 1.220.449 bisitari izan ditu, aurreikusitakoa baino % 30 gehiago

Bizkaie! 2018-12-18 10:33   Kulturea

Artitz dokumentazino-plataformea sortu da aurten, erakusketen inguruan euskeraz sortutako eduki guztietarako sarbidea.



Egunotan batu da Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatua; bertan izan dira: Iñigo Urkullu, Patronatuaren Presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Juan M.ª Aburto, Bilboko Alkatea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; Lorea Bilbao, Euskera eta Kulturako Foru Diputadua; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoetako zuzendariak, Richard Armstrong eta Juan Ignacio Vidarte, baita Fundazinoaren gobernu-organo gorenaren parte diran enpresa eta erakundeetako ordezkariak be.

Bilera horretan, ekitaldiko daturik nabarmenenak errepasau dira: 1.220.449 bisitarik osotutako kopurua (abenduaren 17an), aurreikusitakoa baino % 30 gehiago baita; eta Communityko kideen kopurua handitzea, kontuan hartuta Kide Korporatiboak, Jarraitzailek, Erdu programako partaideak eta Museoaren Lagunak, azken horreek ia 20.000 diralarik. Une honetan, Communityk 44.967 persona batzen ditu.

Era berean, batzar horretan 2019ko aurrekontua onartu da, aurreko ekitaldiko mailan, Museoaren operatiboari azkeneko ekitaldietan egindakoen mailan dagoan ekarpen instituzionalakaz; Arte programazinoa be onartu dabe, eta hari eskainitako diru-kopurua 2018koaren antzekoa izan da.

2018–2020 Plan Estrategikoaren garapenari jagokonez, azpimarratzekoa da, alde batetik, ZERO areto barria zabaltzea: esperientzia inguratzailea da, eta bisitariari aukerea luzatzen deutso Museoaren historiara eta haren inguruetara hurreratzeko, baita Frank Gehryren arkitektura parebakoa eta Bildumako artelanik esanguratsuenak ikuspuntu desbardinetik behatzeko be. Bestalde, aitatzekoa da Artitz dokumentazino-plataforma aurrendariaren sorrerea, izan be, Museoaren erakusketen inguruan euskeraz sortutako eduki guztietarako sarbidea da erreminta hori. Museoak ondu dauen arte eta hizkuntza-ondarea batzen ditu Artitzek, Eusko Ikaskuntza erakundeak egindako dokumentazino-lanari esker. Holan, tresna argi eta erabilerraz honen bitartez, Guggenheim Bilbao Museoak publikoaren esku ixten ditu eduki horreek, eta euskerearen garapen linguistikoagaz dauen konpromiso historikoan aurrera egiten dau. Azken arlo estrategiko nabarmena LED teknologiaren txertatze progresiboa da. Aretoen barruko argiztapen artistikorako da hobekuntza hori.

Era berean, batzarrean 2019ko Arte programazinoa be onartu da; esangura horretan, Gaur egungo artearen oinarriak izenburupean batzen diran erakusketak honakoei eskainiko jakez: Atzera begira. Giorgio Morandi eta antxinako maisuak; eta Kunsthalle Bremen-eko maisulanen hautaketa bat, XIX. eta XX. mendeetako arte alemaniar eta frantsesa nabarmentzen dauena. Aldi baterako erakusketa handiei jagokenez, udabarrian ibilbide bat marraztuko dau Museoak Jenny Holzer-en produkzino artistikoan zehar, eta jarraian, udagoienean, Thomas Struth hartuko dau, argazkilari alemaniarraren lau hamarkadatan egindako sormen-bidearen analisia. Gaur egungo artearen zertzeladak atalak, bestalde, honako erakusketak aurkeztuko deutsoz publikoari: maiatzean, Lucio Fontanari eskainitako atzera begirakoa, Metropolitan Museum of Art-ek antolatua Fondazione Lucio Fontana-gaz eta Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan, funtsezko artista horren ondare historikoa berraztertzeko aukera parebakoa; ikusizko pertzepzinoaren izakerearen gaineko gogoetea, Gerhard Richter-en Itsas paisajeak izenekoen hautaketa bat erabiliz; eta Jesús Soto: laugarren dimensinoa, erabateko esperientzia estetikoaren marko legez eskulturearen erabilera barrien inguruan artista venezuelarraren ikuspegiari heltzen deutson erakusketea. Azkenik, Allora & Calzadilla, Jesper Just eta Jesse Jones-en bideoinstalazinoak aurkeztuko dira Film & Video aretoan, 2019ko Arte programazinoa borobiltzeko. 

Era berean, 2020. urteari begira Museoa lantzen dabilen erakusketa-proiektu batzuk be aurreratu dira, honakoei eskainitakoak, besteak beste, El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Vasily Kandinsky edo Lee Krasner. Berziklatuagaz hainbat instrumentu sortzu eta horreekaz orkestra txiki bat sortzea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu