Errekorra Mendi Film Festivalen: 12.000 ikusle

Bizkaie! 2018-12-18 07:59   Zinemea

Proiekzino askotan, sarrerak agortu egin dira.

Euskalduna Jauregiko ekitaldia (argazkia: Bilbao Mendi Film Festival) | Ikusi handiago | Argazki originala

Domekan amaitu zan Bilbao Mendi Film Festivalen 11. edizinoa, eta publikoaren erantzunaren aldetik behinik behin, arrakasta itzela izan dau. Saio guztiak batuta, 12.008 ikusle batu dira, igazko edizinoan baino % 15 gehiago. Errekorra izan da aurtengoa. Antolatzaileen arabera, indartsu eta bilbotarren agendan lekua eginda sartu da Mendi Film bigarren hamarkadan.

Emonaldi askotan sarrerak agortu egin ziran. Esate baterako, hasierako ekitaldian, Euskalduna Jauregiko 1.600 jezarlekuak bete ziran, The Dawn Wall filmaren estreinaldia ikusteko. BBK Salan eta Golem Alhondigan izan ziran ganerako proiekzinoak. Lau erakusketa be ipini ditue, Zabalguneko eraikinean, BBK Salan, Euskal Museoan eta metroan.

Bilbon hamar egunez batu dan jentetzeaz gan, antolatzaileek gogoratu eragin dabe urte osoan martxan egoten dala Mendi Film Festival, herririk herri ibilten dan Mendi Tour zikloari esker. 2018an, Euskal Herriko eta kanpoko 49 herritan egin ditue saioak, eta 14.000 ikusle inguru erakarri. Hortaz, urte osoa kontuan hartuta, 26.000 lagun baino gehiagok disfrutau ditue Mendi Film Festivalek antolatutako jarduerak.

Mendia eta abenturea ardatz daben zinemaldien artean ondo finkatuta dago Bilbokoa. Aurtengo edizinoan, mundu guztitik heldutako 58 film proiektau ditue. Alor horretan dabizan sortzaile ugari etorri dira, entzuleakaz zuzeneko hartu-emona errazteko. Horri gehitu behar jakoz aurtengo omendu biak: Kurt Diemberger (IAMF Saria) eta Juanjo San Sebastian (WOP Saria).

Ganera, jaialdia martxan egon dan bitartean, mundu osoko 25 festibal batzen dituan IAMF erakundeak urteroko batzar nagusia egin dau Bilbon. Izan be, Bilbao Mendi Film erakunde horretako kide da, eta Jabier Baraiazarra da IAMF-ko zein Mendi Filmeko burua gaur egun.

2018ko datu bikainak ikusita, 2019ari sendo ekiteko energia daukiela adierazo dabe Mendi Film Festivaleko antolatzaileek. Dagoeneko, badakigu hurrengo edizinoa, 12.a, abenduaren 6tik 15era egingo dana, eta bitartean 2019ko Mendi Tourreko agendea atontzen dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu