Gabonart azokea zabaldu dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-12-14 13:47   Kulturea

Euskal artisauen topagune izango da Arenaleko moilea.

Gabonart inaugurazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Arbaso alkarteak antolatuta, 6. Gabonart artisautza azokea zabaldu dabe Bilboko Arenaleko moilan. Gabonak amaitu arte, egunero egongo da zabalik aterpea, bisitariek giro epelean ikusi deiezen hainbat langintza tradizionaletako produktuak.

Antolatzaileek azaldu dabenez, aurtengo edizinoan 50 artisau inguru dagoz Gabonarten. Azoka honetako produktuak, ohitura tradizionaletan oinarrituta dagozan arren, originalak eta garaikideak dira aldi berean, Arbasokoen arabera.

Gabonart azokeagaz batera, #Bilbaogabonak izeneko gunea be zabaldu dabe handik hur, Arenaleko arbolapean. Uriko merkatariek euren Gabonetako produktuak erakutsi eta salduko ditue gune horretan. Horretarako, Bilboko Udalak hamabost etxola ipini ditu.

#Bilbaogabonak aurten martxan jarritako proiektu pilotua da, Gabonetan Bilbora gero eta bisitari gehiago erakarteko helburua dauena. Lehenengo aldiz, beraz, merkataritza gune bat egongo da Arenalean Gabonetan.

Ekimen horren osogarri, errekearen beste aldean, Erripa kaian, umeentzako gunea ipini dabe, hori be #Bilbaogabonak izenpean. Patinatzeko pistea, izotz sintetiko ekologikoz egindako txirristea eta olgetako eremua ditu.

Gabonart eta #Bilbaogabonak gunearen inaugurazinoan, Juan Mari Aburto alkatea, Aitor Elizegi Bilbao Dendak alkarteko presidentea eta Bernat Vidal Arbasoko presidentea egon dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu