Lauaxeta Olerki Lehiaketako onena, liburu baten

Bizkaie! 2018-12-14 09:12   Kulturea

Hamar urteko ibilbidearen ostean, irabazle guztien poemak argitaratu ditue.

Estepan Urkiaga Lauaxeta poeta handiaren memoria gordeteko eta euskerazko sorkuntzea bultzatzeko antolatzen dau Mungiako Udalak, urtero, Lauaxeta Olerki Lehiaketea. Hamargarren urteurrena ospatzeko, aurreko urteetako irabazleen poemak liburu baten plazaratu ditue Udalak eta Labayru Fundazinoak. Argitalpen barria aurkezteko ekitaldian, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ager Izagirre Mungiako alkatea eta Adolfo Arejita Labayruko zuzendaria egon dira.

Lehiaketearen urte bakotxean, Lauaxetaren olerki batetik hartutako esaldi edo aitamen bat izaten da gaia. Aurtengoa, esate baterako, Neguko gaba izan da. Aurretik antolatutako hamar edizinoetako irabazleen eta bigarren sailkatuen lanak sartu ditue liburuan. Autoreak honeek dira: Atotz Goikoetxea, Elena Galzusta, Ibai Ayerza, Ugaitz Agirre, Imanol Sorondo, Ione Gorostarzu, Jabi Santa Cruz, Aitor Albistur, Gotzon Plaza, Antonio Casado eta Mikel Esteban. Autoreak hogei baino gitxiago dira, batzuek sari bat baino gehiago irabazi ditue eta.

Ondo jagon dabe liburu barriaren edizinoa. Horretarako, Enrique Morentek egindako marrazkiak erabili ditue. Azala berak diseinau dau, eta poema bakotxari laguntzen deutsen ilustrazinoak be berak eginak dira.

Aurtengo deialdiaren irabazleen barri emoteko be erabili dabe ekitaldia. Lehenengo saria Jon Barberenak irabazi dau (hemen bere olerkia); bigarrena, Gotzon Plazak (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu