'Macbeth', euskeraz eta Belakoren musikeagaz

Bizkaie! 2018-12-13 12:22   Kulturea

Zezeilaren 9an estreinauko dabe, Arriagan, Alex Gerediagak zuzendutako bersinoa.

Argazkia: Son Aoujil | Ikusi handiago | Argazki originala

William Shakespeare antzerkigile ingelesaren lanen ehundazak bersino egin dira munduan. Bilboko Arriaga Antzokiak be aukera horretara jo dau, 2018-19 denporaldiko programazinoko produkzino nabarmenetako baten. Macbeth obra klasikoaren egokitzapena egin dabe, euskeraz. Ganera, Belako taldearen musikeagaz jantziko dabe antzezlana.

Arriagaren produkzino honetan, Alex Gerediagak egokitu dau testua, eta bera izango da zuzendari. Jon Gerediagak egin dau euskerazko testua. Macbeth-en ikuspegi barritzaile eta harrigarria dala dinoe sortzaileek, baina jatorrizko istorioari leial izanda.

Gerediagaren antzezlanetan, musikeak pisu handia izaten dau. Oraingo honetan be, apustu sendoa egin dau, testu klasiko baten ganean musika garaikidea sartuta. Belako, nazinoartean oihartzuna lortu dauen laukote mungiarra, arduratuko da antzezlaneko soinu euskarriaz. Belakoren musikeari beste ertz batzuk topauko deutsaz erronka barri honek. Ganera, Alex Gerediagak, taldearen kanta ezezagunenetako batzuk eta bersinoak erabiliko ditu hainbat pasartetan.

Aktoreen lantaldea be aitagarria da: Miren Gaztañaga eta Mikel Losada antzezle nagusien alboan, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria, Na Gomes, Gabriel Ocina, Maria Urcelay, Leire Ucha, Sandra Fernandez Agirre, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri eta Pako Revueltas egongo dira oholtzan.

Macbeth-en estreinaldia zezeilaren 9an izango da, eta biharamunean beste emonaldi bat egongo da. Ganera, ikasleentzako pase bereziak antolatu ditue hil horren 7an, 11n eta 12an. Euskerazko bersinoa emon ondoren, zezeilaren 14tik 17ra gaztelaniazko bersinoa oholtzaratuko dabe. Aktoreak orain dala aste batzuetatik dabiz jo eta ke lanean, obra bera euskeraz eta gaztelaniaz antzeztea ahalegin gehigarria dalako.

Sarrerak 6,50 eta 21 euro bitartean salduko ditue, Arriaga Antzokiaren webgunearen bidez eta txarteldegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu