XVII. Umorea Labur Arrigorriagan

Bizkaie! 2018-12-11 10:08   Zinemea

29 film lehiatuko dira sail ofizialean.

Lanbarri Kultura Alkarteak, Arrigorriagako Udalaren babespean, Umorea Labur zinema jaialdiaren XVII. edizinoa antolatu dau egunotan. Film labur ugari proiektauko ditue, eta 3.000 euro banatuko ditue saritan. Egitarau ofiziala gaur, martitzena, hasiko da, baina astelehenean, Errementari film luzea emon eben, Paul Urkijo zuzendaria bertan zala.

Antolatzaileek 200 film inguru jaso ditue, eta 29 aukeratu ditue sail ofizialean lehiatzeko. Martitzenetik barikura bitarteko saioetan proiektauko ditue, Lonbo aretoan. Jaialdiaren izenak dinoan legez, umorezko lanak dira danak.

Eskualdeko zinemagileei be lekua egingo deutsie Umorea Labur festibalean. Hilaren 14an, barikua, #Nosolopaja Cortos Made in Nervión izeneko saio berezia egongo da. Arrigorriagako eta inguruko herrietako sortzaileek egindako zazpi film labur ikusi ahal izango dira. Eskualdean gordeta dagoan talentua erakustea da asmoa, antolatzaileen esanetan.

Azken egunean, zapatuan, amaierako galea egingo dabe, 20:00etan. Epaimahaiak erabagiko ditu saritu nagusiak, 3.000 euro dagoz gordeta irabazleentzat. Liliana Amante produktore eta zuzendari argentinarra, Iván Miñambres Uniko-ko produktore exekutiboa eta Maitena Salinas kazetari eta aktorea izango dira epaileak.

Sari nagusiaz gan, ikusleen saria, zuzendaritza onenarena, interpretazino onenarena eta Arrigorriagako institutuko ikasleek osotutako epaimahai gazteak emondako beste sari bat be banatuko ditue. Ohorezko Txantxarria Rosario Pardo aktoreari emongo deutsie, umorez blaitutako ibilbide artistikoa autortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu