'Margolaria' emongo dabe domekan Irudienean

Bizkaie! 2018-12-08 13:42   Zinemea

Oier Aranzabalek zuendutako filmak Mikel Urdangarin abeslaria dau ardatz.

Margolaria dokumentalaren emonaldi berezia egongo da Durangoko Azokearen Irudienea gunean (Zugaza zinemetan), abenduaren 9an, domekea, 11:00etan. Oier Aranzabalek bere lehen filma Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioan aurkeztu eban. Mikel Urdangarin abeslaria da dokumentalaren protagonista. Artista bidea da edozein sortzailek buruan dituan gai unibersalak jorratzeko: sortzetik bizitzearen erabagia, bokazinoa, sorkuntzearen prozesua, porrota, bakardadea edo ospea.

Aranzabal proiektuaren gidoigile taldeko kide be bada, eta  azken urte biotan Urdangarin grabatzen ibili da bere bizitzako egunerokoan (bidaiak, kontzertuak, entseguak…). Lan horren frutua da Margolaria: Bidaia baten istorioa. Bidaia horrek, Urdangarin Buenos Airesera, Edimburgora, Londresera eta Okinawara eroan dau.

Filmean beste sortzaile eta bidaide batzuk be agertzen dira: Alain Urrutia margolaria, Ángel Celada bateria jolea, Elizabeth Macklin The New Yorker aldizkariko editore ohia eta itzultzailea, Kirmen Uribe idazlea, Jon Bews musikari eskoziarra, Nika Bitchiashvili biolinista georgiarra, Rafa Rueda musikaria eta Anjel Valdés, Elkar diskoetxeko produkzino zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu