Bilbok 'IV. Zinema Kontari', euskeraz egindako zinemaldia hartuko dau

Bizkaie! 2018-12-04 09:22   Zinemea

Abenduaren 10etik 14ra egongo da filmak ikusteko aukerea.

Dana dago prest. Zinema Kontari, euskeraz idatzi eta egindako zinemagintzearen laugarren emonaldia dogu. Euskal Herriko Gidoigileen Alkarte Profesionalak beregan hartzen dau programa hau, SGAE Fundazinoaren laguntzinoagaz. Helburua gitxiengo bati zuzentzen jakon zinemagintza eredu bat zabaltzea da, euskal autoretzaduna, aintzat hartuta, ia kasu guztietan, ohiko aretotan dagoeneko ikusgai ez diran filmei buruz gabizela. Euskerea, ezinbesteko tresna eta ibilbidea.

Campos Eliseos Antzokiaren Kupula Aretoan gauzatuko da, abenduaren 10etik 14ra, gunea bete arteko sarrera libreagaz (Bertendona kalea 3 Bis, 6. pisua). Proiekzinoak astelehenetik eguenera arratsaldeko 19:00etan izango dira. Azken egunean, hilaren 14an, ostera, 18:00etan.

Hamaika euskal autoreen obrak izango dira ikusgai, tartean: Andoni Egaña (Areka); Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquet (Ama Lur); Aitzol Saratxaga (Ziren); Peio Cachenaut (Xora); Koldo Almandoz (Razielen itzulera); Andoni de Carlos, José Miguel Goenaga, Jon Garaño, Aitor Arregi (Handia); Izaskun Arandia (Night Shift); Telmo Esnal, Asier Altuna, Pablo Bueno (Aupa Etxebeste!); eta Koldo Izaguire eta Juan Bautista Berasategi (Kalabaza tripontzia). Danetara, 9 proiekzino eta film luzeak hasi aurretik, egunero, film labur bat.

Euskal Herriko Gidoigileen Alkarte Profesionalak omenaldia egin nahi izan deutso 1968. urtean euskeraz berez idatzi, egin eta filmautako estreineko dokumentalari. Néstor Basterretxea eta Fernando Larruqueten Ama Lur Euskal Filmotekearen laguntzinoari esker proiektau ahal izango da. Bide batez, hildako Juan Bautista Berasategi autorea be gogoan hartu nahi izan dabe bere Kalabaza tripontzia filmaren proiekzinoagaz; umeentzako proposamen berezia izango da eta azken egunean emongo dabe.

Programazino osoa ikusi hemen (.pdf 746 KB)

Zinema Kontari emonaldiaren laugarren edizinoa da eta SGAE Fundazioaren zein Eusko Jaurlaritzearen kolaborazioa be badauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu