Herritarrei euskeraz erantzuteko betebeharra gogoratu deutso Jaurlaritzeak Espainiari

Bizkaie! 2018-12-04 08:49   Euskerea berbagai

Estaduko Administrazino Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluak batzarra egin dau Bilbon.

Bilbon egin da batzarra (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Meritxell Batet, Espainiako Lurralde Politikako eta Funtzino Publikoko ministroa Bilbon izan da, Estaduko Administrazino Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluaren V. Batzarraren buru. Han parte hartu dabe Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordeak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Biek gomutau eragin deutsie ministroari euskerea hizkuntza ofiziala dala, eta horrek konpromisoak dakarzala.

Administrazinoen betebeharra da herritarrei eurek aukeratutako hizkuntza ofizialean erantzutea, Dobaranen arabera, eta herritarrei emoten jaken zerbitzuen kalidadea horregaz lotuta dagoala ganeratu dau. Herritarren hizkuntza-aukerea errespeteteak eragin zuzena eta nabarmena dau zerbitzu horreen kalidadean. Izan be, erabiltzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean eraginkortasunez zerbitzua emoteko ahalmena, berez, zerbitzu horren kalidadearen agiriko adierazlea da, zehaztu dau sailburuordeak. 

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere aldetik, Espainiak euskerearen alde hartutako konpromisoak mahai ganean ipini ditu, eta horreek beteteko eskatu deutso Batet ministroari. Espainiako Konstituzinoan hizkuntza-aniztasuna babestea agintzen dala dino Urrutiak. Ganera, Espainiak Europako Hizkuntza Gitxituen Kartea sinatuta daukala azaldu dau, baina salatu dau Espainiako administrazinoek oraindino bide luzea dabela egiteko hizkuntzen arteko bardintasunera heldu arte.

Era berean, hizkuntza politikeari jagokozan gaiak alkarregaz lantzeko deia egin deutso Urrutiak Espainiako Gobernuari, Euskaltzaindia guztiz onartutako akademia dan ezkero. Hizkuntza Ofizialen Kontseiluaren Batzarra amaitu eta gero, bertan parte hartu dabenek Euskaltzaindiaren egoitzea bisitau dabe.

Bestetik, Miren Dobaran sailburuordeak batzarreko tarte bat erabili dau Euskaraldiak ekarritako onurea txalotzeko: Azken hamaika egunotan, euskal hiztunok ilusinoz gabiz biziten aktibazino-esperientzia barri bat, gure hizkuntza-ohiturak aldatze aldera. Azken batean, personen arteko ituna da, enpatiazko ariketa hau egiteko prest dagozanen artekoa, euskerearen erabilerea bizitzearen eremu guztietara bultzatzea helburu hartuta. Hizkuntzen aniztasuna, komunikazinorako oztopoa baino, bizikidetzea aberasteko faktorea dala uste dau Dobaranek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu