Xabi Hoo: 'Zuzeneko diskoa argitaratzea ez da idea txarra'

Koldo Isusi Zuazo 2018-12-10 08:05   Barriketan

Enkoreko abeslaria.

Hamar urteko ibilbidearen ondoren, agur esan deusku Bilboko Errekalde auzoko laukoteak. Power Rocka, esperimentala dira taldeak jorratutako musikak baina beti gustau jake esperimentazinoa. Ume-umetatik ezagutzen dira Xabi Hoo (ahotsa), Aitor Gallastegi (bajua), Urtzi Iza (gitarrea) eta Alvaro Olaetxea (bateria).

Taldea 2009an sortu zan, eta handik urte bira Gaztea Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi ostean, 2012an, lehenengo diskoa argitaratu eben, Faktore komunak (Baga Biga); 2014an, Kanala (Elkar); eta 2016an, E (Baga Biga). Digitalean, barriz, 2018ko Dana, hain zuzen.

Orain, barriz, agur esatea otu jake 2019. urtean kontzertu partidea emon ostean. Historia laburra eta taldearen gorabeherak Xabi Hoo abeslariari eskatu deutsaguz:

 

1.- Min handiz, baina batez be egindakoaz guztiz harro, agur esango deutsuegu 2019an egingo
dogun azken bireagaz. Zergaitik agur?

Holako abenturak hasten doguzanean, beti pentsetan dozu amaierea be etorriko dala eta gure kasuan orain etorri da erabagia hartzeko momentua, nahikoa argi ikusi dogu. Ez dago aparteko arrazoirik orain agur esateko baina pentsau dogu ganoraz zeozer egitekotan, hamar urteko zikloa ez dala txarra eta hor gabiz. Egindakoaz harro gagoz baina atzera bueltarik ez dago.

Motibo edo arrazoi zehatzik be ez dago, benetan, lau lagun gara, hasieratik gagozanak eta egun be gure bizimoduetan eta bat egiten dogunak eta, beraz, ez da izkutuko arrazoirik topau behar, egon be ez dagoz, gauza txiki batzuk kenduta. Bizitzeak eta geuk be aurrera egin dogu eta beste gauza eta egoera batzuetara pasetako momentua da; dinotsudan lez, hasieratik argi geunkan gure ibilbideak amaierea be eukiko ebala eta holan izan da, zenbaki biribila orain etorri da eta, beste barik, agur esango dogu agurreko birearen ondoren.


2.- Orain arte Facebook sarean botatako mezuak irakurrita, zeozer barruntau edo igarten genduan: 'Ate bat ixten danean, hamaika bentana edegiten dira, Betidanik izan ez bada,
betirako izan daitela!, Hauxe izan daiteke azken segundua!... Zenbat buelta emon deutsazuez
erabagiari?

Buelta lar ez. Gogoeta, duda eta aukera bat baino gehiago aztertuta dator erabagia baina azken momentuko gauzea izan da; jaubetu ginan 2019an 10 urte egingo doguzala eta momentu egokia zala agur esateko. Orduan hasi ginan buruari bueltak emoten 10. urteurrenari joaten ixtea be ez zala ona izango eta azkenean agurreko birea egitea otu jakun, egindakoaz harro eta taldeak momentu ona bizi dauenean. Agurreko bira bat egiteko be indarra behar da eta horren faltarik ez daukagu, prest gagoz edozertarako. Hauxe da momentua.


3.- 2011n, XX: Gaztea Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi zenduen. Horrek ateak
zabaldu eutsuezan ala ze eragin izan eban horrek?

Sano erabagiorra izan zan. Poztasun handiz hartu genduan eta kanpora begira be aparteko indarra emon euskun. lagun artean batu eta holako saria hartzea ederra izan zan, gure lokalean egiten genduzan musika saioak jentearen gustokoak zirala jaubetu ginan eta guretzako indar eta bultzada handia izan zan guretzako.


4.- Euskal Herrian eta Europan be zabaldu dozue zuon musikea. San Mameseko kontzertuaz zer
esan zeinke? Ze harrera izan dozue kanpoan?

San Mamesekoa polita izan zan, zoramena, gure uriko zelaian, Katedralean zuzenean kantetea nahiz eta gu futbolzaleak ez izan... Kornerretik sartu ginan eta behe-behetik zelaia ikustea ikusgarria izan zan; holako lekuetan ez gagoz ohituta baina gustora ibili ginan milaka lagunen aurrean. Furgonetea sartu eta zelai ikaragarria ikusi genduanean, zurtz eginda geratu ginan. Zelai erdian egoan agertokia, jentea alde guztietatik guri begira. Esperientza polita, gogoratuko doguna, seguru.

BBK Live be oso ederra izan zan eta kanpoan be bardin, itzel ibili gara jentearen erantzun bikainagaz. Errazena hemen, Euskal Herrian jotea da baina kanpoko hitzorduak be gustagarriak dira, ezagutzen ez zaituenak gozetan ikustea beti da plazerra. Leku eta plaza bakotxak bere berezitasuna dauka baina kanpokoetan beti zagoz adi, lekua eta publikoa ezbardinak dira eta aparteko ahalegina egiten dozu kontzertua ahalik eta onena izan daiten eta jenteak Enkore akorduan izan deian.


5.- Jentaurrean lehenengo kontzertua emon zenduen eguna gogoratzen dozu?

Bai. Gasteizen izan zan, jaietan; karreran hasibarria nintzan eta unibersidadeko lagunek esan euskuen taldea sortu guran gengozala eta, baegoala, akaso, aukeratxu bat Gasteizen. Di-da, trasteak hartu eta han joan ginan. Abuztuaren 5ean izan zan.

Kontua da ze agurraren kontua entzun dabenean, lagunek esan deuskue revival berezia egin beharko geunkela, hasi ginan moduan amaitzeko. Ez da idea txarra.


6.- 2019an egingo dozuen agurreko birea zelakoa izango da?


Gauza askorik ezin deutsut esan. 2019. urterako asko falta da oraindino eta zeozertan bagabiz, 10 urteko birea zelan planteau eta abar ze aukera asko dagoz, ahalik eta kontzertu gehien emon, kontzertu gitxiago eta mimo handiz jagonda... Ospatzeko gogoz gagoz baina agurra da eta ondo geratu gura dogu zaleakaz, ahalik eta zale gehienarengana hurreratu gura dogu eta horretarako nahitaezkoa da kontzertu partidea. Jairik jai, herririk herri ibilita, asko emon deuskue zaleek, gauza asko zor deutsaguz publikoari eta jentea egon daitela ardura barik ze gauza polita izango da atonduko doguna.


7.- Deskuidoan, agurreko urtean, zuzeneko diskorik grabetako amesik badaukazue?

Ez dakit. Holakorik ez dogu pentsau baina ez da idea txarra, oraingoz ezin deutsut ezer baieztu. Polita izango litzateke baina badakigu jakin zuzeneko disko bat egiteko gauza asko zehaztu eta buruari buelta asko emon behar jakozala. Gauza bat baieztuko deutsut estudioko diskorik ez dogula plazaratuko; gure indar guztiak biran jarriko doguz eta lehen esan deutsudan legez, gauza berezia egin gura geunke.

 

8.- Musikan danetarik entzun daiteke egun, industria goitik behera aldatu da, hemen gurean diskorik ia ez da argitaratzen... Zenbat saldu behar dira produktua errentagarria izateko?

Nik neuk ez dodaz diskoak erosten eta zelan esango deutsut musikagintzea goitik behera aldatu ete dan, jakina, goitik behera aldatu da musikea sortu, entzun eta zabaltzeko erea.

Baga Biga eta Elkar diskoetxeen babesa izan dogu eta ez dogu disko salmentearen ganeko ardurarik izan. Beste datu bat, guk aurten argitaratu dogun azken lana Dana formato digitalean baino ez dogu atera, disko fisikorik ez dogu argitaratu. Dana dago esanda.

Beste alde batetik, hilaren 8an, Durangoko Azokan egon ginan Baga Bigako standean, publikoagaz aurrez aurre Enkoreren amaieraz berba egiteko asmoz. Han, geure 3 diskoen bildumea erosi ahal izan eben, eskaintza berezia egin gendualako. Saldu ziran batzuk eta gu pozik.

 

 

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu