Euskal kulturearen alde Durangoko Azokea eta BBK

Bizkaie! 2018-11-29 13:35   Kulturea

Abenduaren 8an, kultur esperientzia berezien aurkezpena egongo da Areto Nagusian.

Durangoko Azokeak eta BBK-k Kulturea, guztion eskura programa antolatu dabe bigarren urtez, Azoka inklusiboagoa lortzeko asmoz. Igaz abiatutako egitasmo honen helburua gaitasun ezbardinak dituen azokazaleei kulturearen plazea gerturatzea da eta, aldi berean, arlo honetan Euskal Herrian lantzen diran kultur esperientziak ezagutzera emotea.

Igaz bezela, Landako Gunean BBK-ren stand berezi bat egongo da, Kulturea, guztion eskura programearen barri emoteko. Erakusleihoa informazino gunearen aurrean egongo da, Landako Gunearen erdigunean. Bertan konsultatu ahal izango dira euskeraz idatzitako braillezko liburuak eta euskerazko audioliburuak, ONCEren lankidetzeari esker. Bisitariek liburuak irakurri eta audioliburuak probetako aukerea izango dabe.

Gorabide alkarteko kideak boluntariotza lanak egiten egongo dira Azokan eta, horrezaz gan, diagnostikoa egingo dabe kulturearen plazan topetan dituen hutsuneakaz. Horrezaz gan, gaitasun ezberdinak dituen taldeakaz bisita gidatuak egingo dira, talde txikietan. Bisita gidatu bat antolatzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik Azokako antolakuntzeagaz zehaztea. Informazino gehiago gerediaga@durangokoazoka.eus helbidean eskura daiteke.

Era berean, abenduaren 8an, 17:00etan Areto Nagusian, kultur esperientzia berezien aurkezpena egongo da. Saio horretan honakoek parte hartuko dabe:

- Telmo Irureta: Urte bigaz buru paralisia diagnostikau eutsien. Ez da oztopo izan berarentzat. Aktore izateko amesa bete dau eta igaz Szenatokian Minus ukittua mikroantzerkia ekarri eban.

- Ainhoa Moiua: Zeinu hizkuntza irakaslea da eta euskal kantu asko interpretau ditu. Ezaguna egin zan Zea Mays taldearen Negua joan da ta bideoklipean.

- Auritz: Autismoaren Espektroko Nahasmena (AEN) gatxaren aurrean sensibilizazinoa dau helburu eta Auritz, laino eder hori... literaturea eta musikea buztartzen dituan proiektua aurkeztuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu