Toure inspektorea Pirinioetara bialdu dau Jon Arretxek

Bizkaie! 2018-11-29 08:35   Kulturea

Landa giroan kokatutako nobela baltza da Ez erran deus.

Jon Arretxe, liburu barria eskuetan (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Burkina Fasotik Euskal Herrira etorritako etorkina da Toure, Jon Arretxe idazleak 2012an sortutako pertsonaia. Halabeharrez, igarle, kaleko saltzaile, poliziaren informatzaile eta, batez be, bere konturako detektibe ibili izan da Bilboko San Frantzisko auzoko kaleetan. Abentura barri honetan, baina, landa eremura doa Toure.

Honen aurretik, beste bost liburu idatzi ditu Jon Arretxek Toureren gorabeheren ganean. Beti Bilboren alderdi izkutuenetan kokatuta, nobela baltzen giro bete-betean. Landa eremuan kokatutako nobela baltzik ez ebala sekula idatziko agindu eban arren, Ez erran deus lan barrian Nafarroako herri txiki batera eroan dau Toure.

Kontua da ze, poliziaren jazarpenagaz eta San Frantziskoko bizimodu arriskutsuagaz kantsauta, iges egitea erabagi dauela Tourek. Haren lagunek badakie joan egin dana, baina auzoko kamerak begiratzen dituan polizia zitala harrituta geratu da, aspaldian ez dauelako Burkina Fasoko pertsonaia bitxia ikusi. Adama lagun zaharragana joan da Toure, Nafarroako Pirinioetako herri txiki galdu batera, ardiak jagoten.

Han bizimodu lasaia izango dauela emoten dauen arren, laster kasu baten nahastauko da Toure, eta hilteko arriskuan egongo da barriro. Etorkin izatearen trabak bardin igarriko ditu urian zein mendian. Bilbon kokatutakoak legez, Ez erran deus be nobela baltza da; kasu honetan, landa eremukoa, hori da aldea.

Jon Arretxek bere ohiko estiloari eutsi deutso Toureren seigarren abenturan. Nobela labur, arin eta zorrotza da Ez erran deus, jazoera tragikoak umore askogaz buztartuta topauko ditu irakurleak. Ohiko moduan, Erein argitaletxeak plazaratu dau Ez erran deus, Uzta Gorria bilduman.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu