Modela itzultzaile automatiko 'iraultzailea' aurkeztu dabe

Bizkaie! 2018-11-28 13:20   Euskerea berbagai

Azken belaunaldiko teknologia adimenduna daukala ziurtatu dau Elhuyar Fundazinoak.

Argazkia: Elhuyar | Ikusi handiago | Argazki originala

Itzulpen automatikoaren alorrean aurrerapausua egiteko eta euskerea enpresetan zabaltzeko, tresna iraultzailea izango da Modela, euskerearen eta gaztelaniaren arteko sistemea, aurkezpenean azaldu dabenez. Gaur egungo teknikarik barritzaileenean dago oinarrituta, Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa dalakoan hain zuzen. Proiektuan parte hartu dabenek, teknika aurreratu hori euskerazko testuetan apliketako modua topau dabe.

Alkarlanaren ondorio da Modela itzultzailea. Elhuyar Fundazinoak, EHUko Ixa Taldeak, Vicomtech zentroak, Ametzagañak, Mondragon Linguak eta Elekak parte hartu dabe prozesuan. Era horretara, ikerketatik merkaturatzeraino doan bide guztia egin ahal izan dabe.

Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dabenez, itzulpen automatikoaren alorra bizkor garatzen dabil, baina euskerea pixka bat bazterrean geratzen hasita egon da. Izan be, euskerearen morfologia aberatsa danez eta beste hizkuntzen ezaugarrietatik urrun dagoanez, orain arteko itzultzaile automatikoek hutsune nabarmenak izan ditue. Sare Neuronalen sistemeagaz, baina, muga hori gainditu dabe, eta euskerearen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.

Euskerearen kasuan, inoz ikusi ez diran kalidadeko itzulpenak eskaintzen ditu Modelak. Lehen aldiz, euskerazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak edegi jakuz, azaldu dabe proiektuaren arduradunek aurkezpenean. Ganera, jenteak erraz erabilteko modukoa dala ganeratu dabe.

Languneren merkadu-ikerketearen arabera, EAEko itzulpen-merkatua 40 miloe euro ingurukoa izan zan 2017an, eta, guztira, 500 miloe berba itzuli ziran. Beraz, bultzatzaileen arabera, eragin handia izango dau teknologiaren eta profesionalen garapenean. Esaterako, Modelak itzultzaileen produktibidadea handitzeko aukerea emon leike. Halandabe, ziurtatu dabe ez datorrela itzultzaile profesionalak ordezkatzera, euskerazko eduki gehiago sortzen laguntzera baino.

Euskeraz bizi nahi daben persona eta erakundeetan be eragin handia izango dau. Eguneroko komunikazinoa (enpresen barne-komunikazinoa, blogak eta abar) euskera hutsean bideratu ahal izango da, dinoe Elhuyar eta Mondragon Linguako arduradunek. Modelak lagunduko dau erakundeetan euskerearen idatzizko erabilerea handitzen, eta enpresek kalidadeko tresna bat izango dabe euskeraz komuniketako gai ez diranentzat.

Erantzunak

ROBERTO 2018-11-28 14:25 Erantzuna | #1

Neuk demoa probau dot, Administrazinoko txosten bategaz. Lehenengo paragrafoa ondo samar egin dau, ze zuzenketa txikitxu bat baino ez dau behar izan, bigarren paragrafoan -joskera eta idazketa jasoagokoa-, ostera, asko zuzendu behar izan dot. Halan, uste dot aurrekoak baino hobea dan arren, hondino lar eskasa dala itzulitako testuak itzultzaile baten galbahetik igaro barik ixteko, eta horregaitik, aplikazinoaren propagandan esandakoa larregi dala: "Euskeraz bizi nahi daben persona eta erakundeetan be eragin handia izango dau. Eguneroko komunikazinoa (enpresen barne-komunikazinoa, blogak eta abar) euskera hutsean bideratu ahal izango da, dinoe Elhuyar eta Mondragon Linguako arduradunek. Modelak lagunduko dau erakundeetan euskerearen idatzizko erabilerea handitzen, eta enpresek kalidadeko tresna bat izango dabe euskeraz komuniketako gai ez diranentzat." Itzultzaileak esku hartzen ez badau, oso tresna arriskutsua izan leiteke, eta sasi euskerazko testu ez gitxi argitaratuko dabe, aurreko itzultzaile automatikoakaz jazo dan modura. Zoritxarrez, nago horixe jazoko dala. Ezkorra? Gizarte erdeldun eta sasi euskaltzale honen ezagutzea.

Libe 2018-11-28 15:41 Erantzuna | #2

Bat nator Robertogaz. Urrun dago oraindino benetan balio izatetik. Eta sano garestia da! Propaganda horrek ez deutso mesederik egingo inori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu