'Raggamuffin Kamarada', Suaia eta Ama Rebel taldearen lehenengo diskoa plazan

Bizkaie! 2018-11-28 08:03

Reggaeren sustraiak, mezu zuzenak eta letra konprometiduak dira lan honen oinarria.



Suaia eta Ama Rebel, 2016. urtean Bizkaiko oihanean sortutako reggae taldea da. Banda honetan, hainbat proiektu ezbardinetan parte hartu daben sortzaileak batu dira: Kodigo Norte, Esne Beltza, Potato, Lone Ark, Early Reflections, Gobeo Bay, Aiaraldeko Soinu Sistema, The Cherry Boopers eta beste talde batzuetan ibilitakoak.

Lan barri honetan, taldea reggaeren sustraietara bideratu da, Gorka Suaiak sortutako kantuak grabazinoan islatuz. Suaia eta Ama Rebel taldea ez da reggae-ra mugatzen, hainbat estilo jorratzen baititu: dancehall, roots, rub-a-dub... Taldeak sortzen dituan estilo ezbardinen bitartez, jendartean baztertze prozesuan dagozan personen alde eskaini nahi ditue mezuak, reggaeren sustrai aldarrikatzaileei eutsiz eta ikur errebelde eta euskalduna astinduz.

Horretarako, A-Lone Ark Muzik Studioko Roberto Sanchez produktorearen ezinbesteko parte hartzea izan dabe, reggae klasikoaren antzera, ederto buztartuz Gorka Suaiaren mezu zuzenak eta aldarrikapen politiko konprometiduak, A-Lone Arken produkzinoetan, ohikoa dan roots estilo dotore eta melodikoagaz.

Grabazinoan hainbat kolaborazino izan ditu taldeak, besteak beste, Nadia Paz eta Monika Boneco, saxoan Saioa Jorrín eta Roberto Sanchez bera perkusino eta tekladuetan. Lan hau sei kantu eder eta atsegin eta lau dub bersinoz osotuta dago.

Sound Systemetan propioa dan jantza hipnotikorako dubak, A-Lone Arken ukitu eta soinu bereziagaz entzun daitekez, lurretik urruntzeko, nork bere unibersoan bidaiatzeko erritmoakaz. Eta musikea itzela bada, Ribo diseinatzailearen lana ez da gitxiagorako. Horregaitik, diseinua bere ederrean erakusteko, diskoa binilo formatuan be aterako dabe.

Raggamuffin Kamarada diskoa hemen deskargau osorik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu