Jock Zonfrillok irabazi dau 2018ko Basque Culinary World Prize saria

Bizkaie! 2018-11-23 09:55   Jan edanak

Australiako komunidade indigenak dira benetako kozineruak eta janari asmatzaileak.

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egin da bart 2018ko Basque Culinary World Prize sari-banaketea. Jock Zonfrillo chef eskoziarrak jaso dau saria, Australiako herri natiboen kulturearen defentsan egin dauen lanagaitik eta sukaldaritzako tradizino aborigena babesteko egindako lanagaitik.

Sari berezi eta global hori Eusko Jaurlaritzeak Basque Culinary Center-egaz lankidetzan sortu eta emoten dau, eta ekimen eraldatzaileak edo gizartean eragin positiboa dabenak abian jarten dituen chefak saritzen ditu, hain zuzen. Helburua da erakustea gastronomiak balio leikela hainbat arlotan –barrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, gizarte- edo ekonomia-garapenean edota osasunean, besteak beste– aldaketea bultzatzeko.

Saria Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan dago. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen dau Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu, herrialde barritzaile eta lehiakor egiteaz gan. Euskal gizartearen balio komunak –ahaleginaren kulturea, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldatzearen aldeko bokazinoa, emakume eta gizonentzako aukera-bardintasuna– Euskadiren irudiari lotzea da asmoa.

Hainbat agintari eta persona entzutetsuren aurrean, Arantxa Tapia sailburuak saria emon deutso Jock Zonfrillo chef eskoziarrari. Australian, egungo gastronomiaren apustu interesgarrienetako bat sustatzen dau Zonfrillok: munduko kulturarik zaharrenetako bat ikertu eta sustatzen dau, Australiako jatorrizko herrien kulturea. Trukea eta ikerketea oinarritzat dituan ikuspegi batetik, Orana jatetxea erabilten dau orain arte ezezaguna izan dan herentzia baten sukaldaritza-potentziala sustatzeko, osogaiak eta tradizinoak identifikauta, baina, batez be, ezagutzea komunidade horreek garatzeko aukera bihurtuz.

2000. urtean, Australiara bizitera joan zanetik, Jock Zonfrillok urietatik urrun dagozan komunidadeak bisitau ditu, tradizino natiboen ezagutzan sakontzeko. Orana Fundazinoa sortu ebanetik, ezezagunak ziran hainbat osogai aztertu eta dokumentau ditu. Bertako unibersidade eta erakundakaz lankidetzan, datu-base bat eregitea sustatzen dau. Datu-base horretan, egun, sukaldaritzako potentziala daben 2.000 produktu baino gehiago dagoz erregistrauta.

Basque Culinary World Prize sariaren 100.000 euroko diru-sariak datu-base hori garatzeko balioko dau. Helburua da datu-base horretan 15.000 osogai jangarri sartzea, eta horrek ahalbidetuko dau produktu horreek produzidu eta merkaturatzea, bai eta komunidade indigenentzako enpresa barriak sortzea be.

Horrezaz gan, funts horreek produktuak prozesau eta paketatzeko instalazinoak eregiteko erabiliko dira; horren bidez, produktuen konserbazino-epea luzatu, eta euren nutrizino-balioa eta higiene-estandarra hobetuko da, eta horrek salmentak handitzea ahalbidetuko dau. Era berean, itsaskien tratamendurako instalazino bat erosi nahi da, lekualdatutako komunidade indigenek Cherabin ganbak izoztu eta urira eroan deiezan bertan saltzeko.

Jock Zonfrillo hamar finalistaren artean hautatu eban irabazle munduko chef entzutetsuenetako honeez osotutako epaimahaiak: Joan Roca, Celler de Can Rocako chefa (Espainia) eta epaimahaiburua; Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Frantzia), Andoni Luis Aduriz (Euskal Herria) eta Manu Buffara (Brasil). Horreez gan, hainbat diziplinatako nazinoarteko adituek be osotu dabe epaimahaia: Ruth Reichl idazle iparramerikarra, Bee Wilson gastronomia-historiagile eta kazetari britainiarra, Isle Crawford diseinugile britainiarra eta 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle Leonor Espinosa chef kolonbiarra.

Saria emoteko ekitaldian honako adierazpen honeek egin ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak: Elikadurearen eta gastronomiaren sektorea Euskadik garatzeko eta barrikuntzan jarduteko dauen sektore garrantzitsuenetako bat da, izan be, kontuan izan behar da sektorea erakusten dagoan potentziala eta gaitasuna.

Era berean, Jock Zonfrilloren adierazo dau, Harro sentiduten naz hainbeste errespetetan ditudan lanbideko kideek osotutako epaimahai batek aukeratu nauelako 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle. Horrek aintzatespena are esanguratsuago egiten dau. Australiako komunidade indigenak dira benetako kozineruak eta janari asmatzaileak; 60.000 urtez egin dabe aurrera euren lurretan. Nazinoarteko aintzatespen honek euren teknikak eta osogaiak gordetearen garrantzia indartzen dau, eta indarra emoten deusku.


Ekimen eraldatzailea

Basque Culinary World Prize saria 2016an jarri eben martxan gastronomia indar eraldatzailea izan daitekeela erakusteko. Sariak gizon eta emakume ekintzaileak, bikaintasuna bilatzen dabenak eta euren lana nabarmendu nahi ditu; jente barritzaile eta sortzailea, nekaezina, baina, batez be, bizi dan gizarteagaz konprometitua dagoana.

2018ko Basque Culinary World Prize sarirako 140 hautagaitzak –104 gizon eta 36 emakume– 42 herrialdetatik heldu ziran. Saria eskuratzeko parte hartu ahal izateko, sukaldariek beste profesional baten izendapena behar eben, gaur egun gastronomiaren alorrean dabilen beste profesional batena, hain zuzen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu