Eguneroko gauza txikiei omenaldia, Gariren disko barrian

Bizkaie! 2018-11-23 08:02   Musikea

Zortzi abesti dakarz Beste denbora batean lanak.

Bilboko Arte Eder Museoan, artelanez inguratuta, aurkeztu dau Garik disko barria, Beste denbora batean izenekoa. Aurrekoetan legez, Maldanbera taldeagaz batera plazaratu dau lan hau. Helburu nagusi bat izan dau gogoan Garik, azaldu dauenez: Eguneroko bizimodu intimoaren parte diran gauza txikietan fokua jartea, ze gaur egungo gizartearen abiadearen erruz, daukien balioa ahaztu dogu.

Gariren esanetan, halako gauza txikiei esker gara garen modukoak, eta disdirarik bako ekintzak izan arren, garrantzitsuenak dira: Jatea, seme-alabak ikastolara eroatea eta abar izan leitekez adibideak. Edozelan be, hau ez dala disko nostalgikoa nabarmendu dau.

Eguneroko gauza txikiei omenaldia egiteko, zortzi abesti barridun diskoa atondu dabe Garik eta Maldanberak. Igor Elortzak, Jon Benitok, Mari Luz Estebanek eta Juan Luis Zabalak idatzi ditue abesti batzuetako berbak. Ganera, Mercedes Sosaren kantu baten bersinoa sartu dabe.

Hertzainak taldea desegin zanetik, bakarkako hamargarren diskoa dau hau Iñaki Garitaonandia, Garik. Dana dala, bakar-bakarrik ez dago, esan dogunez Maldanbera taldea izan dau alboan proiektu honetan. Gorka Benitez saxofonistea eta Borja Barrueta bateria jolea dira Maldanberako kideak.

El Tigre eta Tio Pete estudioetan grabau dabe Gari eta Maldanberak Beste denbora batean, WAS taldeko Jon Agirrezabalaren laguntzinoagaz. Gariren esanetan, diskoak daukazan zertzelada alaiak Agirrezabalaren ikutuari esker dira. Autoprodukzinoa da lan hau. Bideoklipa ikusi hemen.

Zuzeneko emonadi batzuk hitzartuta ditue:

- Abenduak 29: Elgetako Espaloia Kafe Antzokian (22:30).

- Urtarrilak 4: Donostiako Victoria Eugenia antzokian (20:00).

- Zezeilak 27: Bilboko Arriaga Antzokian (19:30)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu