Kirol arloan, sexu abusu eta sexuagatiko jazarpenari aurre egiteko zerbitzua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2018-11-19 13:20   Kulturea

Zure taldekoak gara lelopean, mueta honetako indarkeriari aurre egin eta horren kontra egin gura dabe.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak eta Basque Team Fundazinoak, legealdi honetan kirol arloan bardintasun erreala eta eraginkorra bultzatzeko daben asmoan, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen bardintasunerako VII. planak eskainitako testuinguruan oinarrituta eta Emakunderen laguntzinoagaz, kirol arloan sexu-gehiegikeriak eta sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena ebitetako Euskadiko zerbitzua aurkeztu dabe gaur goizean. Zure taldekoak gara goiburua erabilita, aitatutako arazoari aurre egiteko biktimei, euren inguruari eta federazinoei, klubei eta alkarteei laguntzea dau helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoan kirol arloan sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren inguruan datu kuantitatiborik ez dagoan arren, gaur egun kirol esparruan emakumeen eta gizonen artean dagoan egiturazko desbardintasuna namarmena da, beste esparru batzuetan baino handiagoa. Beraz, beharrezkoa da genero indarkeriaren barruko indarkeria adierazpenak ezagutu, autortu eta aztertzea, jazo leitekezan kasuei aurre egiteko.

Nazinoarte mailan egindako azken ikerketek aditzera emon dabenez, kirol arloan sexu jazarpena % 3 eta % 52 bitartekoa da herrialdearen eta erabilitako metodologíaren arabera. Edozein kirolarik sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenakaz lotutako egoerei aurre egiteko beharra izan leike, baina gehienetan neskatoak eta emakumeak, nazinoarte mailan lehiatzen diran gazteak, LGTB taldearen barruko atletak eta aniztasun funtzionala daben kirolariak izaten dira biktimak. Horreez gan, beste estamentu batzuetako emakumeek be bizi leikiez holako egoerak, esaterako entrenatzaileek, epaileek, teknikariek, zuzendariek eta sektoreko beste profesionalek.

Emakundek eta Eusko Jaurlaritzeak, kasu zehatz honetan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak eta Basque Team Fundazinoak Zero Tolerantzia adierazo dabe holako egoeren aurrean. Kirol erakundeei eta batez be biktimei laguntzeko eta mueta honetako indarkeria ebitetako eta indarkeria horren kontra egiteko Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako eta Kulturako sailburuak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan gaur goizean aurkeztu dabe zerbitzua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren bermeagaz.

Zerbitzuak informazinoa eta aholkularitzea eskainiko ditu telefonoz (ahotsa eta whatsapp) 688671000 zenbakian, deia beste edozein zenbakira aldatzeko aukereagaz, baita posta elektronikoz be: zuretaldekoakgara@euskadi.eus. Ganera Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako webgunean kokatutako landing page baten bitartez, erabiltzaileek informazinoa azkar jasoteko aukerea izango dabe: www.euskadi.eus/zuretaldekoakgara

Beharrezkoa danean, aurrez aurreko aholkularitzea eskainiko da egoereagaitik komenigarria dala uste izan ezkero, eta personak edo erakundeak onartu ezkero, jakina. Beti be aurrez aurreko aholkularitzearen bidez babesa emongo da, informazinoa gehitu eta, behar izan ezkero, konsultea egiten dauen personearentzat edo erakundearentzat egokiagoa izan daiteken beste esparru batera arazoa bideratuko da.

Arreta zerbitzua gaztelaniaz eta euskeraz eskainiko da 9:30etik 14:30era, astelehenetik barikura. Kirola egiten daben edade txikiko eta gazteei eta emakumeei zuzentzen jake, baita beste kirol estamenduetan lan egiten daben emakumeei, entrenatzaileei, epaileei, teknikariei eta beste profesional batzuei be; erakundeetako, federazinoetako, klubetako eta kirol alkarteetako teknikari eta zuzendariei; eskola-zentroei eta IGEi, eta orokorrean gai honi buruz informazinoa eta aholkularitzea behar daben kirol arloko profesionalei.


Zure taldekoak gara


Basque Teameko urdina erabiliz atzealdean eta gizonez eta, batez be, emakumez osotutako talde baten marrazkiaz, kirol arloan sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren kontra dabilen talde baten irudia azpimarratu nahi da, martxan jarritako telefonoa eta zerbitzua be nabarmenduz.

Zerbitzua iragarteko kanpainearen irudia osotzeko Basque Team Fundazinoan bekea daben kirolari batzuek bideo bat grabau dabe sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpen egoerak zeintzuk izan daitekezan argitzeko. Lucas Eguibar snowboardlariak, Juan del Campo eskiatzaileak, Igor Genua eta Nerea Agirre errugbi jokalariek, Ane Santesteban eta Ana Usabiaga txirrindulariek, Ane Barandiaran softbol jokalariak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak eta Gontzal Garcia curling jokalariak Basque Teameko beste kirolari guztien ordezkariak izan dira, Fundazinoak genero bardintasuna bultzatzeko eta sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren kontra egiteko dauen kontzientzia eta konpromisoa adierazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu