Iñaki Dorronsoro: 'Euskal Herria orain dala ehun urte baino zatituago ikusten dot'

Dabi Piedra 2018-11-19 08:03   Barriketan

Eusko Ikaskuntzako lehendakaria.

Eusko Ikaskuntzak ehun urte bete ditu, euskal kulturearen, ikerkuntzearen eta pentsamenduaren alde lanean. Hori ospatzeko, XVIII. Kongresua egiten dabiz asteotan: Urriaren 5ean Baionan hasi, eta beste lau uritatik pasau eta gero, ondorio nagusiak jorratuko ditue hil honen 23an, Oñatin. Hurrengo egunean, mendeurreneko ospakizuna egingo dabe. Oñatin sortu zan Eusko Ikaskuntza 1918an, eta han biribilduko ditue mendeurreneko jarduerak.

Iñaki Dorronsoro ataundarra 2012tik da erakundeko lehendakari. Gaur egungo euskal gizartean Eusko Ikaskuntzaren lekua topetako gogoetea gidatzea egokitu jako. Izan be, 1918ko eta gaur egungo giroa ez dira bardinak, baina baikor dago Dorronsoro. Erakundearen ehun urteko ibilbideaz eta gizartean zabaldu nahi dituan balioez be egin deusku berba.


1.- Oñatin egingo dozue mendeurrenaren ospakizuna eta XVIII. kongresuaren azken saioa. Zelako ekitaldia izango da?

Alde batetik sinbolikoa izango da, gauza bi gogoratuko doguz: Batetik, orain dala ehun urte erakunde hau martxan ipini ebenen indarra; bestetik, etorkizunean izango dogun lana. Deia egingo deutsagu euskal gizarteari, Eusko Ikaskuntzaren ingurura hurreratu daiten.


2.- Urriaren 5ean hasita, Euskal Herri guztian egin dozue XVIII. Biltzarra. Orain arte ze emoitza ekarri dau?

Orain dala ehun urte, Oñatin, fundazino-kongresua egin eben legez, oraingo hau kongresu berfundazionala dala esan geinke. Bost gai nagusiren inguruan lanean ibili gara azken urte bi eta erdian, eta horren emoitzak kongresu honetan aurkeztu doguz. 23an, Oñatin, ondorioak landuko doguz, Liburu Zuria dalakoaren bidez. Euskal Herriko gaur egungo eta etorkizuneko erronken diagnostikoa egongo da hor, aurrera begirako agendea be izango da.


3.- Geroa Elkar-Ekin da leloa. Mendeurrena, ospatzeko baino, ekiteko erabili nahi dozue?

Lelo horren oinarria Eusko Ikaskuntzaren hasiera-hasierako asmoetatik dator. Euskal Herri osoko eta euskal komunidade globalaren perspektibea izan dogu jaiotzatik. Gaur egun, uste dogu barriro hori bultzatu behar dogula, ze Euskal Herria orain dala ehun urte baino zatituago ikusten dot, muga gehiagogaz. Munduan jazoten dabizan aldaketa sakonen aurrean, gitxienez pentsamenduan eta ikerketan euskaldunok aktibau egin behar gara, etorkizuneko egoerak lantzeko.


4.- Euskal Herria orain dala ehun urte baino zatituago ikusten dozula dinozu. Zer dala eta?

Azken mendeko garapen soziopolitikoaren ondorioz, orain hiru egitura juridiko eta politiko daukaguz. Hiru esparru administratibo sortzen doguzanean, joerea beti izaten da bakotxak bere pentsamendua daukan espaziora mugatzera. Ez daukagu estrategia orokor bat muga horreek gainditzeko. Hor ikusten dogu Eusko Ikaskuntzak zeregin garrantzitsua dauela.


5.- 1918an, ze testuingurutan sortu zan Eusko Ikaskuntza?

Gogoratu behar da amaitu barri egoala Lehen Mundu Gerrea, eta horren ondorioz Europako inperio handiak apurtu ziran. Nazinoen eta estadu barrien mobimendu ikaragarria egoan eta eragin hori Euskal Herrira heldu zan. Euskerea eta euskal kulturea maite eben intelektual batzuek pentsau eben Euskal Herriaren garapenerako zeozer egin behar zala. Horretarako, Oñatiko kongresua antolatu eben. Sasoi haretan hemen ez egoanez ia ezer, Eusko Ikaskuntzak alor guztietan lan egiten eban, ez dogu ia ezagutu be egiten zelako ekarpena egin eban: Ikerkuntzan, euskeran, ekonomian... ibili zan. Eskakizun inportanteentako bat euskal unibersidadea izan zan.


6.- Eusko Ikaskuntzak sorreratik bultzatu zituan balioak zeintzuk izan ziran?

Zientzia, ezagutzea, Euskal Herriaren maitasuna, euskerea, euskal kulturearen garapena eta ideologia aldetik askotarikoa izatea. Pentsamendu desbardineko jentea batu zan hasierako Eusko Ikaskuntzan, eta gai izan ziran, besteak beste, Estatuto Vasco-Navarro dalakoa idazteko, gatazka ideologikoa gaindituta, konsensuz. Edegia zan Eusko Ikaskuntza, munduari begiratzen eutsan.


7.- 1936ko gerreak eta diktadureak eten eben hasierako loraldi ha. Zelakoa izan zan Eusko Ikaskuntzaren ilunpeko bizitzea?

Hibernazino moduko bat izan zan. Jarduera txiki bati eutsi eutsan, hiru kongresu antolatu zituan Iparraldean, Hegoaldetik alde egindako persona batzuek aktibo segidu eben. Azkenean, 1978an barriro berfundau eben, nik aro modernoa deitzen dodanean sartu ginan.


8.- 1978an hasitako aro moderno horretan, Eusko Ikaskuntzako lehenengo burua Joxemiel Barandiaran izan zan. Zer izan zan Barandiaran erakunde honentzat?

Gure erreferente inportanteenetako bat izan zan, eta da. Lehenengo ekarpenak bere arloan egin zituan, berak sortu zituan Gasteizko seminarioan etnografia laborategiak. Gorabeherak izan zituan laborategi hari eusteko. Gure ikasketei ikutu akademiko zorrotza emon eutsen lehenengoetakoa izan zan. Gure kultura zaharra, sinbologia eta abar zehazten ibili zan, gure aitabitxia zan Barandiaran, hori izan zan bere ekarpen nagusia. Ganera, Eusko Ikaskuntzaren proiektuan sinisten eban hasieratik. Ikertu, ikertu eta ikertu, horrek bultzatu eban beti.


9.- Aro modernoan, kontestu guztiz desbardin baten sartu zan Eusko Ikaskuntza. Sorrerako balioek indarra dabe oraindino?

Frankismoaren sasoian bertan hasi ziran mobimendu barri batzuk: Ikastolak, Aranzadi alkartea... Ganera, Transizinoan, autonomia estatutuak onartu ziran eta unibersidade publiko indartsua sortu eben. Gizarte zibil antolatua egoan, euskalgintzan, ikerketan... Orduan, horretara egokitzeko arazoak izan ditu Eusko Ikaskuntzak. Hausnarketa ugari egin dira urteotan, baina arazoak izan ditu bere lekua topetako, museifikatzeko arriskua egon dalako, hau da, polita eta ederra bai, baina inork ez daki honegaz zer egin.

Horri aurre egiteko, lan handia egin dau Eusko Ikaskuntzak. Dozena bat aldizkari zientifiko atera ditu, batzuk arrakastatsuak, besteak ez horrenbeste; kongresu potoloak be antolatu izan ditu, sasoian sasoiko beharren inguruan. Euskal Herriko gaurko gizartean kokatzeko arazoak izan ditu, halandabe. Mendeurrenean, gure helburuetako bat da kokapen hori garbi ixtea.


10.- Kulturea, zientzia, pentsamendua... bultzatzea da zuen helburu nagusia. Gaur egungo gizartean ze leku izan behar dabe kontzeptu horreek?

Gaur egun modan dagoan ezagutzearen gizartearen perspektibatik, guk hiru alderditan eragin nahi dogu: Arlo akademikoan, unibersidadean egiten dana gizarteari helarazo behar jako; bigarrenik, erakunde publikoen arloa dago; hirugarrenik, ezagutzea eta gizarte zibila. Horretan oinarrituta, gu ezagutza kolektiboa garatzeko eta zabaltzeko erakundea gara. Batez be, gizarte zibilagaz lanean, baina beste esparru biak, akademikoa eta instituzionala, kontuan hartuta. Aldaketa bat be izan dogu geure lan egiteko moduan, ze orain ez gara espezialidadeetan oinarritzen, erakunde transdisziplinarra gara. Hau da, gizartean ikusten doguzan arazo eta erronkak identifikau eta disziplina guztietatik aztertzen doguz. Era horretara lan egiten dauen beste erakunderik ez dago Euskal Herrian.


11.- Belaunaldien arteko transmisinoa zelan lantzen dozue?

Belaunaldi barriak gure debateetan sartu nahi doguz, eta uste dot hori nahiko ondo lortzen gabizala. Belaunaldi barriak dira etorkizunaren jaubeak. Gazteakana eta emakumeakana heldu eta hareen konpromisoa behar dogu, hori ikaragarrizko lana da, ze Eusko Ikaskuntza lan boluntarioan oinarrituta dago, baina ahalegin hori egiten gabiz. Azken urte bi eta erdian debate asko egin doguz, 1.200 personak baino gehiagok parte hartu dabe. Horretarako, banan-bana joan behar izan dogu personakana, erakundeetara... eta gure proiektua saldu, ilusinoa zabaldu eta abar.


12.- Hurrengo hamarkadetako erronkei aurre egiteko, osasunez zer moduz ikusten dozu Eusko Ikaskuntza?

Ilusinoa badaukat nik. 2012tik naz Eusko Ikaskuntzako lehendakari, orduan hausnarketa prozesu bat hasi genduan, erakundea aldatzeko. Aldaketa prozesu guztietan legez, ezkortasuna egoan inguruan eta, orain, ikusten gabiz hareek ezkortasunak gainditu doguzala. Jente barria inguratzen hasi da, ikusi dabelako Eusko Ikaskuntzak badaukala zeregin bat, eta konprometidu egin dira. Beste dinamika bat sortu dogunez, orokorrean baikor nago. Bola hori abian jarri dogu, eta handitzea da orain kontua. Badaukaguz arrisku batzuk, adibidez, baliabide ekonomikoen aldetik estuago gabiz. Lan boluntarioagaitik ez balitz, oso gitxi egingo genduke. Halandabe, guk nahiago dogu gizarte zibileko erakundea izan, eta jentea datorrela gugana konbentzimenduz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu