Bilboko Berbalagunak martxan

Bizkaie! 2018-11-13 13:18   Euskerea berbagai

Ikasturte barriagaz batera, martxan da barriro be Bilboko Berbalagun programea.



Euskal Herri osoan ezaguna dan fenomeno honek, indarra hartu dau gure herrian be. Igaz 59 talde izan ziran eta 368 berbalagun. Aurten, datu horreek guztiak gaindituko dira; horretarako, eurekaz batera euskeraz gozetako konbita egiten deuskue #PRAKTIKATUetaBIZI lemapean.

Bospasei laguneko taldeak izaten dira eta horreek osotzeko, kontuan hartzen dira parte-hartzaileen disponibilidadea, edadea eta zaletasunak. Berbalagunak batu daitekez kafetegian, tabernan, edo paseoan ibilteko... Parte-hartzaileek erabagiten dabe non eta noiz, beti lagun giroan. Bilboko auzo guztietan, zeure etxetik hur, euskeraz berba egiteko eta biziteko aukerea izango da (Deustu, Santutxu, Olabeaga, Zorrotza, Indautxu, Castaños, Zazpi Kaleak, Otxarkoaga, Errekalde...).

Horrezaz gan, hainbat ekintza osogarri izaten dira urtean zehar (txangoak, mintzodromoak, kirol jarduerak...).

Kontuak kontu, izena emotea doban da, eta hamaikatxu abantaila eskura daitekez: emonaldietarako txartelak, opariak, deskontuak harpidetzetan (Aizu!, Berria, Argia, Gaztezulo...) eta bestelakoak.

Familientzat, Gurasolagun proiektua dago. Euskerearen transmisinoa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honi esker, guraso euskaldunak edota euskeraz ikasten dabizenak, antzeko egoeran dagozan beste guraso batzuekazin harremanetan jartea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeakaz berbataldeak, tailer txikiak zein txangoak antolatzen dira.

Ikastetxeakaz zein ikastetxeetako guraso alkarteakaz alkarlanean martxan jarriko da Gurasolaguna eta aurrerantzean beste ikastetxeetan abiarazoteko asmoa dago. Zure ikastetxean Gurasolagunen kartela ikusten badozu, ez dudarik egin, joan idazkaritzara eta emon izena.

Izena emoteko eta informazino gehiago behar izan ezkero klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu