EHSF-k Nazinoarteko Surf Alkarteko (ISA) kide izateko eskari formala egin dau

Bizkaie! 2018-11-12 12:42   Kulturea

Euskal selekzinoa ordezkaritza propioagaz lehiatuko litzateke munduko txapelketetan.

Euskal Herriko Surf Federazinoak (EHSF), Eusko Jaurlaritzeak lagunduta, nazinoarte mailan ofizialtasuna berreskuratzeko eta Nazinoarteko Surf Alkarteko-International Surfing Association (ISA) kide izateko eskari formala egin dau. EHSFren ordezkariak ISAk La Jollan (Kalifornia) dauen egoitzan egon dira, nazinoartean autortza ofiziala izateko eskari formala egiteko. Ekimen honen helburua da 2005. urtera arte nazinoartean izandako autortzea berreskuratzea.

Euskal Herriko Surf Federazinoko presidenteorde eta Gipuzkoako Surf Federazinoko presidente Maialen Saez eta Esther Castiñeria izan dira EHSFren ordezkariak aitatu bidaian; eurekaz izan da Eusko Jaurlaritzeak AEBetan dauen ordezkari Jorge Fernandez, bide horretan laguntzeko asmoz. Izapide historikoa da eta aldeko ebazpena lortu ezkero, euskal selekzioa bere ordezkaritza propioagaz lehiatuko litzateke ISAk antolatzen dituan mundu mailako txapelketetan.

EHSFk 1990. urtean Europako Federazinoan eban nazinoarteko posizinoa berreskuratzeko lehen pausu bat da. Hamabost urtean eutsi jako horri, harik eta 2005. urtean Espainiako Surf Federazinoa (FES) Europako Federazinoko kide egin zan arte. Orain, EHSFren eta Eusko Jaurlaritzearen ustez arautegi eta lege mailako baldintzak beteten dira nazinoarteko ordezkaritza ofiziala berreskuratzeko. Horren harira, nabarmendu behar da EHSFk idatzi bat bialdu deutsola Espainiako Surf Federazinoari, ekimen honen inguruan informazinoa emoteko helburuagaz, aitatu dau Maialen Saezek. Eusko Jaurlaritzeak AEBetan dauen ordezkariak esan dau eskaria aurkeztu ondoren'berba egiteko epe bat edegitea espero dala, alkarren arteko lankidetzea eta bizikidetzea lortu ahal izateko nazinoartean.

2017ko abenduan eginiko Batzarrean ISAri eskari hau egiteko erabagia aho batez onartu eta gero, EHSFk nabarmendu dau kirol eta kultura izakerako aldarrikapen bat dala. Helburua da surflari profesionalak babestu eta sustatzea, bai eta munduko txapelketetan euskal selekzinoa defendiduteko aukerea emotea be, adierazo dabe federazinoko arduradunek. Euskal ordezkaritzeak txosten juridiko bat, eskaria bera eta surfak Euskadin dauen indarra erakusteko ikus-entzunezko lan bat entregau deutse ISAko ordezkariei.

Euskal surfak historian izan dauen nazinoarteko bokazinoaz jakitun, Eusko Jaurlaritzeak babes osoa eskaini deutso nazinoartean ordezkaritza propioa izateko aldarrikapenari; holan, gai honetan aditua dan David Salinas-Armendariz legelariaren aholkularitzea izan dau EHSFk, eskaria berme guztiakaz aurkeztu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok EHSFk emon dauen pausoa txalotu dau: Gure federazinoen eta, bere kasuan, gure selekzinoen nazinoarteko autortza ofiziala posible da zenbait kiroletan. Surfa horreetako bat da, ISAk Euskadiren ezaugarri bardintsuak dituen lurralde askotako federazinoak onartu baititu. Gure herrian surfaren inguruan dagoan tradizino itzela aintzat hartu behar da. Eskariak baiezko ebazpena izatea espero dogu, baina holan ez bada, ekin eta ekin jarraituko dogu EHSFren bidaide izanaz hasi dauen bide honetan.

Eskari honen inguruko ebazpenaren zentzua datozen hileotan zehaztuko da eta azken emoitzea edozein izanda be, EHSFk zein Eusko Jaurlaritzeak ISAk egin deutsen gizalegeko harrerea eskertu nahi dabe. Kaliforniara egindako bidaiaren egunetan, ISAk Huntington Beachen antolatutako Vissla Junior World Championship txapelketea egin da eta 42 herrialdetako surflari hartu dituan mundu mailako txapelketa horretan parte hartutako euskal kirolariak babestu nahi izan ditu EHSFk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu