Maskaradako jantzien erakusketea Salbatzaile Dantza Taldearen 40. urteak ospatzeko

Bizkaie! 2018-11-08 12:11   Kulturea

Erakusketea zemendiaren 5etik 15era zabalik Bilboko Kastañoseko Udaltegian.

Salbatzaile Dantza Taldeak bere 40.urteurrena ospatzeko datorren zemendiaren 17an eskainiko dauen Maskaradako jantzien bilduma baten erakusketeak hasiera emon deutse okasinorako antolatutako ekitaldiei. Erakusketea zemendiaren 5etik 15era bisitau ahal izango da Bilboko Kastañoseko Udaltegian eta bertan Maskaradearen historia eta 14 jantzi izango dira ikusgai. Maskaradea hilaren 17an, zapatuan izango da, goizean Uribarriko eta Kastañoseko kaleetatik barrikaden desfileagaz eta arratsaldez antzezpena Funikularreko plazan.

77 jantzari eta personaia, 20 musikari eta hainbat jantza popularretara batuko diran auzokidek hartuko dabe parte antzezpenean. Auzoko bizilagun ugariren laguntzinoa izan dau ekimenak, baita UPV-EHUko jantzien, eskulturen eta diseinuan adituena be. Horreekaz batera, persona talde bat lanean ibili da Maskaradako jantziak eta elementuak atontzen eta horreen bilduma bat ikusi ahal izango da hurrengo egunotan, auzokideak eta ikastetxeak hurreratu eta gure kulturearen atal hori ezagutu ahal izateko.

Maskaradea atontzeko Salbatzaile Jantza Taldeko kideek urtebete baino gehiago egon dira saioak edo entseguak egiten, eta urte bi antzezpena pentsetan, zehazten eta atontzen.


Aurkezpena auzoan

Urteurrenaren ekitaldiak eta taldearen historia azaltzeko, Salbatzaile Dantza Taldeak topaketa bat antolatu eban auzoan eta bertan aitatutako asteburuan izango dan egitarauaren barri emon eben, hau da, arratsaldeko ikuskizunaren ondoren, erromeria bat izango dala, eta zemendiaren 18an, herri bazkaria Funikularreko plazan jarritako karpapean.


Salbatzaile Dantza Taldearen historia

Salbatzaile Dantza Taldeak bere lehenengo emonaldia 1978ko auzoko jaietan eskaini eban. Begoña Arroyo Aldekoa izan zan fundatzailea eta bere helburua beti izan da euskal folklorea eta kulturea sustatzea, jantzen eta musikearen bitartez.

Taldea hasi zan entseguak egiten Salvador (hortik dator izena) parrokiak astean ordu erdi batez itxitako lokalean. Ondoren Udalak itxitako lokalera joan ziran (egungo zentro zibikoaren goiko partean). Zentro hori erabarritzeko lanak hasi ziranean, Epalza kaleko lonja batera joan ziran taldeko kideak eta gaur egun Kastaños kaleko 27. zenbakian Udalak itxitako lonja batean egiten ditue entseguak.

Historian zehar ehundaka lagun pasau dira Salbatzaile Dantza Taldearen lokaletatik. Gaur egun taldeak 6 urtetik gorako 400 bat partaide ditu: jantzariak (195), fanfarrearen musikariak (20), Pasamaneria taldea (josten eta elementuak egiten, 16), nagusientzako Popularrak ikastaroetan ibilten diranak (190). Gainera taldearen inguruan auzoan kultur bizitzea sustatzen daben beste talde batzuk osotu dira: Let Hotzak, Triki-banda (triki, albokea eta panderoa), Gora Bandie txistularien bandea, Kastaños Kantari (abesteko batzen dan taldea), Kastañosko Gaitariak eta Salbatzaileko Joaldunak, emakumeek osotutako taldea, entseguak egiten eta laster ateratzen hasiko diranak. Eta jakina, jantza klasetarako monitoreak eta ekitaldiak antolatzerakoan bere laguntzinoa musu-truk eskaintzen daben auzokide ugari, horreek barik taldeak ezin izango leuke aurrera egin.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu