Lurpekariak eta 'Itsasotik iturrira': jazzaren eta herri kantuen buztarketea

Bizkaie! 2018-11-08 08:30   Musikea

Lurpekariak taldeak zemendiaren 14an emongo dau kontzertua Basauriko Social Antzokian.



Talde barria izan arren, kideak ez dira atzo goizekoak musika munduan. Talde eta proposamen askotan ibilitakoak, jazzean asko, euskal kantagintzan, rock alternatiboan eta beste. Orain talde berezia osotu dabe (kontrabaxu bi, bateria bi, tronpetea eta ahotsak) eta lantzen daben musikea be sano berezia da, tradizinoan sustraitutakoa eta garaikidea, etiketarik bakoa.

Broken Brothers Brass Band taldekide dogun Ion Celestinoren zuzendaritzapean eta Nerea Erbitiren ahotsaren dotoreziak gidatuta, hirukote biren arteko hartu-emonak, antxinako irrintzi, kantu, jantza eta pasadizoak, tronpeta eta perkusino fina, ezustekoz betetako egitura libreak marraztuz.

Steve Coleman eta Matana aitatzen ditu Lurpekariak taldeak bere lehen disko hau inspirau eta posible egin dabenen zerrendan, baita Derek Bailey, Beñat Achiary, Maddi Oihenart, Fermin Goñi edo Iruñeko Gaiteroak be. Doinu bildumea, bihotzez, ama eta amomei, aita eta aititei, alaba eta semeei eskaini nahi izan deutsie.

Ion Celestino (Tronpeta), Nerea Erbiti (Ahotsa) Ander García (Kontrabaxua), Javier Callén (Kontrabaxua) Daniel Lizarraga (Bateria) eta Israel Tubillejak (Bateria) osotzen dabe seikotea, edo hobe esan simetria bitxiko hirukote biek. Jazza erreminta eta hizkuntza unibersala bilakatzen da orduan, eta horri esker, euskal kultura, pentsamolde eta doinuen usadio zaharra, bizitoki daben gaurko Iruñera, Euskal Herrira eta mundura ekarri dabe guztiz personala dan obra hau.

Itsasotik Iturrira izenpean batuta, 12 kantuok (taldearen sorkuntza barriak danak, Liliak ihes-en bersinoa kenduta, Ander Garcíak bere igazko Hiru diskoan kaleratutakoa baita), Donamariako Jauregian 2018ko martiaren 10 eta 11n, Josué Pascual-ek grabautako saioen ondorioa dira. Afrika, New Orleans edota Euskal Herriko arbasoen arteko alkarrizketa hau ehunka aldiz entzunda be beti sekretu barriak agertzen dira. Beti da estreinekoa.


Lurpekariak (Kontzertuak)

- Zemendiaren 14an, Basauriko Social Antzokian.

- Zemendiaren 17an, Ermuko Lobianon.

- Abenduaren 2an, Bergarako Seminarixuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu