Lau kontzertu Durangoko Musika Hamabostaldian

Bizkaie! 2018-11-06 09:16   Musikea

Bartolome Ertzillaren doinuei leku zabala egingo deutsie, haren heriotzearen 120. urteurrena dalako.

Alfredo Sanz, Aitziber Irigoras eta Luis Orduña (argazkia: Durangoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko edizinoan baino kontzertu bat gehiago izango dau Durangoko XXIX. Musika Hamabostaldiak, antolatzaileek azaldu dabenez. Durangon bertan egindako aurkezpenean, Aitziber Irigoras alkatea egon da, Bartolome Ertzilla Kontserbatorio eta Musika Eskolako zuzendari Alfredo Sanz eta Tabira Bandako zuzendari Luis Orduñagaz batera. 

Lehenengo emonaldia zemendiaren 10ean izango da, zapatuan, San Frantzisko eleizan. Elena Arbonies durangarrak klarinetea joko dau bertan, Amaia Zipitriaren pianoaren doinuek lagunduta. Gaur egun, Arbonies Rotterdameko konserbatorioan dabil graduondokoa egiten, eta herrira bueltauko da Hamabostaldiko lehenengo hitzordurako. Bigarren emonaldia abenduaren 1ean izango da, San Frantzisko eleizan barriro. Doinu italiarrak joko ditu Kamerata Oiassok.

Zikloko beste bi kontzertuetako protagonistea Bartolome Ertzilla konpositorea izango da, harek sortutako piezak interpretauko ditue eta. 1863an jaio zan Ertzilla, Durangon, eta 1898an hil; hortaz, aurten 120 urte bete dira hil zanetik, eta efemeride hori gogoan hartu dabe Hamabostaldiko antolatzaileek.

Abenduaren 16an, Tabira Bandeak joko ditu Ertzillaren konposizinoak, Vanessa Goikoetxea eta Andeka Gorrotxategi abeslariakaz batera. Hitzordu hau Andra Mari basilikan izango da. Abenduaren 22rako, musika eta berbazko ikuskizuna atondu dabe, Ertzillaren piezetatik abiatuta. Elena Oriobiogoikoetxeak joko dau pianoa, eta narrazinoa Carlos López-Pardoren esku egongo da. San Agustin Kulturgunean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu