Lau kategoriatan irabazita, Camila Cabello izan da MTVren EMA sarietako irabazlea

Bizkaie! 2018-11-05 08:49   Musikea

Emakumeak nagusitu dira Barakaldoko BECen egindako galan.

Camila Cabello izan da MTVren Europe Music Awards izeneko sarien galako irabazle nagusia; sei sari irabazteko aukerea eban eta lau eskuratu ditu, Barakaldoko BEC Erakustazokan, 10.000 lagunen aurrean egindako ekitaldian. Abeslari kubatar-estadubatuarrak kategoria nagusietan irabazi dau: artista onena, abesti onena, bideoklip onena eta AEBko artista onena. Havana kantuak emon deutsoz 2018ko MTV EMA bi: abesti onenarena eta bideoklip onenarena.

Galea Hailee Steinfeld abeslari eta aktoreak aurkeztu dau eta keinu bat egin deutso Bilboko jenteari, hasierako agurrean Kaixo esanaz.

Ganerako sarituen artean, Dua Lipa izentau dabe pop artista onena; Nikci Minaj, hip hop artista onena; 5 Secods of Summer taldeak irabazi dau rock artista onenaren saria, eta Marshmellok, artista elektroniko onenarena.

Cardi Bk artista barri onenaren kategorian irabazi dau, eta Panic! At The Disco taldeak, artista alternatibo onenarena. Zuzenekorik onena, barriz, Shawn Mendes kanadarrak egin ei dau botoa emon daben ikus-entzuleek.

Ezustean, Ariana Grandek, Post Malonek eta Drakek ez dabe saririk irabazi, kategoria askotan izentauta egon arren.

Tokiko artista onenaren sailean, bost izan dira lehian: Belako talde bizkaitarra, Viva Suecia, Brisa Fenoy, Love of Lesbian eta Rosalia. Viva Suecia Murtziako rock indie taldeak irabazi dau.

Beste alde batetik, Janet Jackson estadubatuarra omendu eta, ikono globalaren saria emon deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu