Euskerea protagonista Europako Hizkuntzen Egunean

Bizkaie! 2018-09-27 13:42   Kulturea

Europako Batzordearen eraikinera eta Bruselako metrora heldu da euskerea.

Frantsesezko, alemanierazko eta euskerazko agurra, Europako Batzordearen egoitzearen fatxadan (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero legez, Europako Hizkuntzen Eguna ospatzen dabiz gaur, irailak 27, hizkuntzen potentziala, Europako hizkuntza-aberastasuna eta eleaniztasuna azpimarratzeko asmoz. Egun hau abiapuntutzat hartuta, hainbat ekimen gauzatuko ditue Europan eta Bruselan, Europar Batasuneko erakundeakaz eta bazkideakaz batera. Etxepare Institutua eta Eusko Jaurlaritzea be tartean dagoz: Euskerea eta eleaniztasunaren aukerak EBren jardueretan bistaratzeko eta txertatzeko lanean dabiz.

Aurten, euskerea ohorezko lekuan dago ospakizun honetan, Europako Batzordeak euskerea sartu dauelako Europako Hizkuntzen Egunaren leloan, frantsesaren eta alemanieraren ondoan. Egunotan, Kaixo berbeak ondoetorria emoten dau Europako Batzordearen eraikinaren fatxadan. Hizkuntzen Eguna ospatzeko ez eze, instituzino horrek antolatzen dauen urteko konferentzia aurkezteko be bada fatxadako kartel handia.

Ganera, euskereak Transpoesie proiektuaren barruan bultzatutako ekimenetan parte hartzen dau. Ekimen hori Etxepare Euskal Institutua bazkidetzat dauen EB/EUNICen Kultura Institutu Nazionalen sareak koordinetan dau. Bruselako garraio publikoaren erabiltzaileek Juanjo Olasagarreren poema bat euskeraz, ingelesez eta frantsesez irakurri leikie.

Juanjo Olasagarreren olerkia Bruselako metroan

Amaitzeko, Europako Batzordea gaur egiten dabilen hezkuntza eta eleaniztasunaren urteko topaketan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-politikea jardunbide egokien adibidetzat aurkeztuko dabe. Jon Duñabeitia irakasleak parte hartuko dau, eleaniztasunak hezkuntzan dauen balio erantsia eta Euskadiren kasua aurkeztuz. Foroko parte-hartzaileek, ganera, euskal kulturea eta euskerea sustatzeko Etxepare Institutuak bultzatzen dituan ekintzak ezagutu ahal izango ditue. Euroeskualdea eta EAE-k eta Nouvelle Aquitaine eskualdeak euskerearen inguruan daben lankidetzea be azpimarratu ditue egunotan, Eskualdeen Lantaldean egindako konferentzian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu