Miguel Unamuno gogoratuko dabe Bilbon bihar

Bizkaie! 2018-09-27 12:24   Kulturea

Berbaldia eta lora-eskaintzea egingo ditue, idazlearen jaiotzearen 154. urteurrenean.

1864ko irailaren 29an jaio zan Miguel Unamuno idazle eta pentsalari bilbotarra eta, urtero legez, efemeridea gogoan hartuko dabe Bilboko Udalak eta Bidebarrieta liburutegiak. Zapatuan da urteurrena, baina bezperan, barikuan, egingo ditue ekitaldiak. 13:00etan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta uriko beste ordezkari batzuek lora-eskaintzea egingo dabe Unamunoren izena daroan plazan.

Arratsaldean, ostera, Bidebarrieta liburutegian berbaldia emongo dabe Jean-Claude eta Colette Rabaté-k, Las guerras de Miguel de Unamuno izenburupean. Frantziako Sorbona eta François Rabellais unibersidadeetako adituak dira, hurranez hurran, eta Unamunoren bizitzea goitik behera aztertu dabe. Bidebarrietan, idazlearen azken egunak jorratuko ditue, Gerra Zibilaren sasoikoak. Ekitaldi hau dobakoa da.

Beste alde batetik, idazlearen jaiotzearen urteurrenaren harira, XVIII. Miguel de Unamuno Saiakera Sariko lan irabazleak argitaratu ditu Bilboko Udalak egunotan. Mario Martín Gijónek idatzitako Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español (Iberoamericana Editorial Vervuert) eta Asier Amezagaren Inor ez delako profeta bere mendean (Erein) dira, gaztelaniazko eta euskerazko kategorietan irabazi ebelako, hurranez hurran.

Mario Martín Gijónen testuari jagokonez, epaimahaiak nabarmendu eban Miguel de Unamunoren figura eztabaidagarriak eta lanak 1939ko Espainiako exilioan izandako eragina ezagutzeko funtsezko saiakerea dala. Asier Amezaga Etxebarria ikerlari eta unibersidadeko irakaslearen Inor ez delako profeta bere mendean lanaren inguruan, epaimahaiak modu berezian azpimarratu eban gogoetarako eta azterketa kritikorako dauen gaitasuna. Gabriel Arestiren biografian egiten dauen ibilbideak, Euskal Herriko garai bati buruzko gogoeta sakonagoa egiteko balio dau. Liburu biak salgai dagoz liburu-dendetan, eta udal-liburutegietan aileguan hartu leitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu