Bertso ekosistema osoa prest txapelketarako

Bizkaie! 2018-09-27 08:43   Bertsolaritzea

Bilboko Kafe Antzokian egin dabe 2018ko Bizkaiko Txapelketearen jaia.

Argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Kanporaketen egutegia aurkeztu eta biharamunean, Bizkaiko bertsogintzearen ordezkari ugari Bilboko Kafe Antzokian batu dira, 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen hasierako jaian. Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, zaleak eta abar batu dira, ekosistema zabalaren lekukotzea emoteko. Bakotxa bere zereginean, baina danak alkarlanean dabiz Bizkaiko bertsogintzearen etorkizuna eregiteko lanean.

Jaiari ekiteko, Kafe Antzokiko oholtzan agertu dira Igor Menika eta Jone Larrinaga jantzari eta bertsolariak, aurtengo edizinoaren sintoniaren doinuan jantzan egiteko. Herri eta Bixi bikoteak barre algaraka jarri dau publikoa eta, ondoren, bertaratu diranei informazino zehatza emon deutse saioei buruz. Bide batez, antolakuntzan lanean ibiliko diran guztiei eskerrak emon deutsiez.

Maite Berriozabal gai-jartzaileak txapelketarako idatzi dauen mezua irakurri dau. Gozatzea baino ez da geratzen, ekosistemeak badaki erreguletan. Hartu daigun bakotxak gure lekua eta hasi daitela txapelketea, aldarrikatu dau.

Ekitaldia biribiltzeko, talde argazki handia atera dabe. Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen udagoieneko fasea hasteko prest dagoz danak. Urriaren 6an jokatuko da lehenengo kanporaketea, Gernika-Lumon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu