Munduan nagusi izango dan Txina (I)

Zigor Aldama 2018-09-27 08:06   Bidaide

Geng Guosheng-en fabrikan, 200 biolin baino ez dira egiten urtean. Hori bai, munduko onenen parekoak dira.

Lehenengo begiratuan ez dauka horren itxurarik, baina bape gatzik bako Pinggu herria, Pekin kanpoaldean, Txinak azken 40 urteotan izan dauen garapenaren adibide ona da. Orain dala lau hamarkada hasi zituan Deng Xiaoping-ek Txina munduko bigarren potentzia bihurtu daben erreformak eta, gaur egun, Pinggu da munduan biolin gehien produziduten diran lekua, 300.000 urtero, eta herri horren eraldaketea Dragoi Handiak egindako pausuen espilua da.

1980ko hamarkadara arte, herriko gehienok estaduaren biolin fabrikako beharginak ginan. Baina erreformen sasoian, enpreseak porrot egin eban, txarto kudeatuta egoalako, ez zalako produktiboa eta kalidade eskaseko tresnak egiten zitualako, gogoratu dau Geng Guosheng-ek, itxierearen ostean kalean geratu zanetako batek. Berak sektorean segidu eban, baina orduan barritasuna zan ekimen pribaduaren babespean. Behargin askok alde egin eben, baina beste askok urteetako jakintzea aprobetxau eta geure kabuz ekitea pentsau genduan.

Era horretara, enpresa publikotik dozenaka konpainia pribadu txiki jaio ziran, eta esportazinoa negoziorako aukera gozoa zala ikusi eben. Mundua Txinara begira jarri zan 1990eko hamarkadan, eta bere produkzinoa hona deslokalizetan. Laster, lehenengo eskariak heldu jakuzan eta, urte gitxian, gure biolinen % 95 Txinatik kanpo saltzen ziran. Batez be, konserbatorioko ikasleek erosten zituen. Geng-ek onartu dau gehien-gehienak kalidade txarrekoak zirala: Faktore bi egozan horren atzean: Batetik, bezeroek ahalik eta gitxien pagau nahi ebela; bigarrenik, ez geunkan ez makinarik ez ezagutzarik Italia eta antzeko potentzien neurrian ibilteko.

Baina egoerea goitik behera aldatu da. Geng-ek kalidadeari lehentasuna emon deutso kantidadearen aurretik, eta, orain, bere fabrikan, 200 biolin baino ez dira egiten urtean. Hori bai, munduko onenen parekoak dira eta bakotxak 140.000 yuan (18.600 euro) balio leikez. Saldu neban lehenengoa 400 euroan saldu neban, gogoratu dau irribarre zabal bategaz. Ganera, musika-tresnak dagoeneko ez doaz Mendebaldeko ohiko merkaduetara, ezpada Txinara bertara. Batetik, ahalmen ekonomiko handiko klasea nabarmen ugaritu da eta, bestetik, Txinan gero eta musikari profesional eta maila handiko orkestra gehiago dagozanez, tresna onen eskariak igon egin dau. Gure biolinen % 95 Txinako bezeroei saltzen deutseguz, zehaztu dau.

Hur-hurrean dagoan Huadong biolin fabrikan, munduko handiena izanda be, aldaketak agirikoak dira. Beharginen kostua garestitu izana Txinako ondoizatearen igoereagaz lotuta dago, baina erronka latza izan da soldata txikidun langileak behar genduzanentzat. Hortaz, biolin ez oso karuak eskaintzen segitzen dogun arren, balioaren eskalan gora egin dogu, teknologiari eta fabrikazino prozesu hobeei esker, azaldu dau enpresako idazkari Geng Zhanghua-k.

Mirari ekonomiko hori estadistiketan garbi agertzen da. 1978an, Txinarena zan munduko BPG-aren % 1,8; gaur egun % 18,2ra heldu da eta bataz bestekotik gora hazten dabil. Datu makroekonomiko hotzak baino gehiago dira horreek. 1.400 miloe biztanleei be mesede egin deutsie historiako mirari ekonomikorik handienak: 500 miloek atzean itxi dabe txirotasuna, beste 400 miloe klase ertainera heldu dira eta per capita errentea orain dala lau hamarkadako 156 dolarretatik igazko 8.643 dolarretaraino hazi da.

Ganera, herrialdea munduko merkataritza potentzia nagusia da, atzerriko dibisen erreserba handienak daukaz eta atzerrian gehien inbertiduten daben herrialdeetan hirugarrena da, baita atzerriko inbersino gehien hartzen dauena be. Hartara, ekonomisten ustez garbi dago Estadu Batuei munduko ekonomiaren tronua kentzea denpora kontua baino ez dala. Datan baino ez dagoz desadostasunak: Batzuen ustez 2025 aldera jazoko da, konserbadoreek 2050era atzeratzen dabe mugarri hori. Edozelan be, ez da izango Txina munduko potentzia nagusia dan lehenengo aldia. XV. eta XVI. mendeetan munduko aberastasunaren heren bat produziduten ebala uste dabe.

Halan eta guzti be, munduaren lantegi bihurtu izana ez da nahikoa Txinarentzat. Beste jauzi kualitatibo bat emon behar dau. Wen Jiabao Lehen Ministro ohiak argi eta garbi esan eban 2012an, karguan egindako azken adierazpenetan. Txinak gitxiago baina hobeto hazi behar dau. Xi Jinping presidenteak gidatutako Txinako poterearen buruzagitza barriak adoretsu bilatzen dauen helburua da. Horretarako onartu dabe Made in China 2025 asmo handiko plana. Ekonomian giltzarri diran sektoreetan barrikuntzea eta eraldatze teknologikoa bultzatzeko proiektua da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu