Maria Benitoren erakusketea BilbaoArten

Bizkaie! 2018-09-21 11:16   Kulturea

Abestu eta berba egitearen arteko mugak aztertu ditu artista zaldibartarrak.

Argazkia: BilbaoArte | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz BilbaoArte-n egonaldia egin eta gero, Entre cantar y hablar izeneko erakusketea atondu dau Maria Benitok Urazurrutia kaleko gune artistiko horretan, urriaren 19ra arte. Izenburua alemanierazko Sprechgesang kontzeptu musikaletik hartu dau: Berba hori abestearen eta berba egitearen arteko teknikea izendatzeko termino musikala da. Artista zaldibartarraren oinarrizko ikerketa guneak, idazkerea eta zinemea, pieza bakotxean igarri leitekez, erritmotik eta sonoridadetik abiatuta sortzeko modu baten erakusgarri.

Zehatz esanda, abestu, errezitau eta berba egitearen arteko mugak eta topaguneak aztertu ditu Maria Benitok. Ahozko forma guztietan arretea jarten dau artisteak, besteak beste, rap kantariek egiten daben lanean. Benitoren beraren poemek be lekua dabe BilbaoArteko erakusketan.

Ahozkotasuna agertzen daben formakaz batera, kolore baltzeko pieza eskultorikoak jarri ditu artisteak aretoko beheganean. Hainbat altuera ditue piezok eta podiumaren ideagaz jolasteko ipini ditu holan.

Maria Benito Piriz Arte Ederretan lizentziadua da EHUn, Ikerketa eta Sorkuntza masterra be egina dauka. Bizkaiko Foru Aldundiaren bekea jaso dau 2018an, BilbaoArten bekadun izan eta urtebete geroago. Eskulturea, bideoa eta soinua dira bere formatu gogokoenak, batez be testuaren eta poesiaren arteko hartu-emonak aztertzea. Guggenheim Museoan, Noain Zentro Kulturalean, Ertibilen, Okela AMP-n eta Errioxako Arte Joven-en erakutsi ditu bere lanak. Azken horretan, Transformación de poesía bideoari esker, hirugarren saria jaso dau.

Entre cantar y hablar erakusketea astelehenetik barikura bisitau leiteke, arratsaldez. Sartzea doban da.

2018/09/21 - 2018/10/19

Bilbon, BilbaoArte gunean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu