Era Batera taldea egurra emoten hasi da

Bizkaie! 2018-09-21 11:36   Musikea

Era Batera taldearen kontzertua: zemendiaren 8an, Bilboko Kafe Antzokian.

Talde izakerea dauen arren, Gaizka Salazar da proiektu barri honen bultzatzaile nagusia. Gatibun baketak astintzen ibilteaz gan, kantu zirriborroak pilatzen joan da azken urteotan bateria-jotzaile bilbotarra. Etxean eta mimo handiz landu ditu ideak, biribilduz, estudio batean grabetako momentua heldua zala sentidu arte. Pausu honetarako, baina, bidaideen beharra eban eta abestien maketak musikari lagun batzuei erakusten hasi zan, proiektura batzea proponiduta. Holan gehitu ziran Gatibun be taldekide dauen Mikel Caballero, Ken Zazpi-ko Beñat Serna eta Willis Drummond-eko Jurgi Ekiza. Lauren artean landu ditue kantuak, bakotxak bere ekarpenak eginez, gero Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabetako.

Emoitzea bederatzi kantu izan dira, kideen beste proiektuen oihartzun urrunen bat euki leikienak, baina era berean bide eta soinukera barriak lantzen dituenak: Jurgiren ahotsa orain arte gitxitan jorratutako erregistroetan entzungo dogu, kantuen egitureagaz olgau eta intensidade-garapen ederrak osotu ditu Gaizkak, Beñaten gitarrek protagonismo handia hartzen dabe hainbat momentutan eta aitatzekoak dira Mikelen eta Gaizkaren beraren arteko baxu-bateria jokoak.

Kolaborazinoek be ukitu ederrak gehitu deutsiez albumari: Eñaut Gaztañagaren programazinoak entzun daitekez diskoan, Juan Alberto Batiz-en gitarrea, Akatz taldeko haize sekzinoa eta Ander Erzillaren saxoa sentidu geinkez diskoan.

Azken finean, indie-pop lasaia zein rock alternatiboa. Gatxa da gaur egun ezer barririk asmetea eta, beraz, komenidu da norberaren ukitua ez galtzea. Horixe dago hemen: osogai ezagunak euren erara nahastauta, beste era batera.


Hurrengo kontzertuak:

11/08: Kafe Antzokia, Bilbo.
11/09: Doka, Donostia.
11/29: Jimmy Jazz, Gasteiz.
11/30: Le Magneto, Baiona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu