Energiaz betetako diskoa plazaratu dau Etxek

Dabi Piedra 2018-09-18 12:54   Musikea

Kanta rockeroak sartu ditu Supernova lanean.

Azken hamar urteotan landu dauen estilo akustikoa alboratu eta aldaketea dakar Iñaki Etxezarraga, Etxe abeslari eta musikari berriztarrak. Estudioko seigarren lana dau Supernova, rock estiloko kantu indartsuz betetako eta crowdfunding bidez finantzautako autoprodukzinoa. Bilboko TAOM estudioan grabau dau, bandeak lagunduta.

Bilbon egindako aurkezpenean Etxek azaldu dauenez, energia handia dauka Supernova diskoak: Kanta indartsuagoak, rockeroagoak, egiteko beharra sentidu dot, zehaztu dau, kanta guztiak dira desbardinak, baina danek daukie energia. Izenburua be indar horregaz lotuta dago. Kantak kapsula baten sartu dodaz eta eztanda egin dabe.

Bilboko Bira gunean aurkeztu dau diskoa Etxek

Azken urteotan Etxeren ibilbidea segidu daben zaleak, beharbada, harrituta egongo dirala onartu dau berriztarrak, disko barriak dakarren aldaketea dala eta. Lehenengo kantuan, Nekatu naiz izenekoan, batu dau Etxek bere bideari norabide barria emoteko gogoa. Orain arte egin dodanagaz kantsauta egon naz.

Izan be, bandea lagun hartu eta rock estilora bueltetea aldaketa nabarmena da. Gaur egun gero eta rock gitxiago entzuten dala konturatu da Etxe eta estilo hori aldarrikatu nahi dau. Arma, tiro, pum! kantan igarten da ondoen jarrera hori. Euskerazko rock kanta ezagunen txatalakaz osotutako pieza horren bidez, rock doinuak nabarmendu eta euskal bandei, batez be iraganekoei, omenaldia egin nahi izan deutse. Ikusi bideoklipa hemen.

Zazpi abesti dakarz Supernova lanak, baina danak ez ditu Etxek idatzi. Uholdeak izenekoaren berbak Miren Amuriza bertsolari eta herrikideak idatzi deutsoz eta Zein ederra Rosario Floresen abesti ezagun baten euskerazko bersinoa da.

Doinuak Etxek berak sortu ditu baina, bere ibilbidean lehenengo aldiz, produktore baten laguntzinoa izan dau diskoa biribiltzeko. Jagoba Ormaetxeak egindako lana bikaintzat jo dau: Betidanik amestu izan dodan soinua eta estiloa bilatu dot disko honetan eta Jagobari esker lortu dot.

Supernova Durangoko Plateruenan aurkeztuko dau Etxek zuzenean, urriaren 6an. Alboan izango ditu bandako kideak: Iban Gurrutxaga (gitarrea), Xabier Barrenetxea (baxua) eta Iban Larreboure (bateria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu