'The Marvelous Mrs. Maisel' eta 'Game of Thrones', 70. Emmy Sarietan nagusi

Bizkaie! 2018-09-18 10:32   Kulturea

Komediarik eta dramarik onenak dira, hurranez hurran.

Telesailen munduko entzutetsuenak dira Emmy Sariak. Los Angeles uriko Microsoft Theater aretoan banatu dira 70. edizinoko sariak, batez be Amerikako Estadu Batuetako telebistako izar ezagunak batu dituan galan.

Aurten, Game of Thrones izan da faborito nagusia eta, sari ugari irabazi dituan arren, The Marvelous Mrs. Maisel komediagaz alkarbanatu behar izan dau protagonismoa. George R.R. Martinen telesail ospetsuaren zazpigarren denporaldiari dramarik onenaren saria emon deutsie: Aurtengoagaz, hiru edizinotan irabazi dau kategoria horretan. The Marvelous Mrs. Maisel komediaren atalean nagusitu da. Miniserie onenaren Emmy garaikurra The Assassination of Gianni Versace-rentzat izan da.

Telesailak ikusteko plataforma barrien aurrean, HBO kateak eutsi egiten deutso Emmy Sarietan eta publikoaren oneretxian, Game of Thrones-i esker. Dagoeneko 47 sari emon deutsiez sariketa horretan, zazpi edizinotan. Aurtengo edizinoan, baina, dramarik onenaren garaikurra eskuratu arren, kategoria garrantzitsu askotan huts egin dau George R.R. Martinen fantasiazko telesailak.

The Marvelous Mrs. Maisel-ek, ostera, irabazi leiteken ia guztia irabazi dau 70. Emmy Sarietan: Komedia onena, zuzendari onena, gidoirik onena, komediako emakumezko aktore onena... azken hori Rachel Brosnahan-i emon deutsie. Dramearen arloan, Claire Foy (The Crown) izan da irabazle.

Gizonetan, Matthew Rhys (The Americans, dramea) eta Bill Hader (Barry, komedia) izan dira irabazle.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu