Mariano Llinás argentinarrari Urrezko Mikeldia emongo deutso 60. Zinebik

Bizkaie! 2018-09-18 09:03   Zinemea

Irudia barrituta dator Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia.

Zinebiren 60. edizinoaren inguruko argibideak emon ditue Vanesa Fernandez Guerra jaialdiko zuzendariak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziak, Euskal Museoan egindako agerraldian. Aurtengo edizinoa biribil-biribila da, 60.a izango dalako eta, ondorioz, hainbat nobedade izango ditu. Adibidez, irudi barritua. Kartela Koldo Atxaga artisteak diseinau dau eta irabazleei emoten jaken Mikeldi sarien itxura barria Maite Leyún sortzailearen eskutik dator.

Mikeldi sariaren forma barria

Horrezaz gan, zemendiaren 9tik 16ra egingo dan edizino honetako protagonista nagusietako bat Mariano Llinás zinemagile argentinarra izango da. Urrezko Mikeldia emongo deutsie, bere ibilbide profesionalean egindako ekarpena autortzeko. Zuzendari eta gidoigile argentinarra nazinoarteko zinemagintza garaikideko sortzaile barritzaileenetako bat dala adierazo dabe Zinebiko arduradunek.

Llinásek zemendiaren 9an, inaugurazino ekitaldian hartuko dau Mikeldi Saria, Arriaga antzokian. Ondoren, argentinarrak zuzendu dauen La Flor filmea proiektauko dabe. Baina adi, ze pelikula hori 14 ordukoa da eta 2009 eta 2018 urteen artean grabau eban Llinásek.

Alkarren atzetik kontautako sei istorio independente dira La Flor lan bitxi horren ardatza. Lau emakume artista dira aktore nagusiak, Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa. Hilaren 11, 12 eta 13ko maratoietan proiektauko dabe 840 minutuko film luze-luze hau, Alhondiga-Golem aretoan.

Vanesa Fernandez Guerra eta Nekane Alonso

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu