Juanjo San Sebastianek WOP Fundazinoa Saria hartuko dau 2018 Bilbao Mendi Film Festivalean

Bizkaie! 2018-09-13 10:44   Kulturea

Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habeler-i batuko jake saridunen zerrendan.

Juanjo San Sebastian mendizale eta idazle bilbotarrak jasoko dau Bilbao Mendi Film Festivalen aurtengo edizinoko WOP-The Walk On Project Fundazinoa Saria, mendizaletasunaren giza balioen babesa eta transmisinoa saritzen dituana.

Bosgarrenez emongo da sari hau, eta distiraz betetako zerrendara batuko da Juanjo San Sebastian; haren aurretik Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habeler izan dira sarituak, Jeremy Collins-en Drawn filmaz batera.

Mendizaletasunak berezko dituan balioak azaleratzen ditu sari honek: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana, eta fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor legez. Juanjo San Sebastianek bere ibilbideagaz sari hau jasoteko ezaugarri horreek guztiak dituala ebatzi dau WOP Fundazinoak.

Mendiari lotua dago Juanjo San Sebastian, beti izan da holan. Alpinista, eskalatzailea, idazlea, mendiko espedizinoetan alturako espezialistea eta kameralaria, dokumentalgilea... Hainbat alorretan ibili izan da mendiari begira. Jendarteko mutila da, lagunartekoa, energiaz betea, eta bere egiten dituan ardurak zintzo gauzatzen ditu: izan espedizinoetan nahiz TVE-ko Al Filo de lo Imposible saioagaz kolaborau ebaneko 15 urteetan, Pagasarri Martxea antolatu dauen 27 urteetan, edota 20 urtez han eta hemengo urietan antolatutako mendi jardunaldietan (Bilbo kuttunean egin zituan BBK Mendi Jardunaldiak nabarmenduz).

Munduko bigarren mendi altuenean, K2-an, bere bizitzako momenturik gogorrenak bizi izan zituan: tontorretik bueltan ekatxak harrapatu zituan, eta hainbat egunez soka-kidea salbetan saiatu arren, ha eta bere eskuko ia hatx guztiak be galdu zituan. Esperientzia haretan oinarrituta Chogori, la Gran Montaña dokumentala egin eben, mundu osoko mendi zinemaldietan sari ugari irabazi zituana, baita Cita con la Cumbre eleberria be, aditu zenbaiten arabera gaztelaniaz sekula idatzitako mendi gaiei buruzko libururik onena.

Mendi Film Festivalen 11. edizinoan, ganera, Sail Ofizialeko Epaimahaiko kide izango da Aldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington eta Suzan Berazagaz batera.

The Walk On Project Fundazinoa Sari banaketa ekitaldia abenduaren 15ean, zapatuan, egingo da BBK Aretoan, Mendi Film Festivaleko proiekzinoen areto nagusian.




The Walk On Project Fundazinoa Saria
 
WOP lan eta lan dabil, urratsez urrats, gaixotasun neurodegeneratiboen kontra; tontor gatx baterako bidearen parekoa da gaixotasunontzako sendabidea topetea, baina mendizaletasunean legez, eskura daukagun ahalmen guztia indarrean jarriko dogu lortu ahal izateko. Mendiagaz lotura handia dabe gidatzen gaituen balioek: hobetzeko gaitasuna, talde lana, langak apurtzea, bide barriak sortzea, dino WOP-eko sortzaile dan Mikel Renteriak.
 
WOP Fundazinoa Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistakaz mendiko hainbat espedizinotan izan da WOPeak proiektuaren bidez. Azkena igaz, 2017an, Gasherbrumetara joan ziranean WOPeak-eko zortzigarren etapan. Tontorrik zapaldu barik baina lorpenik handienagaz itzuli ziran handik: bizitea, Valerio Annovazzi italiarrarena, G-IIko 3. kanpalekutik erreskatau ebeb-eta.
 
Orain kirolagaz lotuta jarraitzen dau Fundazinoak, eta aurtengo bere erronkak atletismoagaz dau zerikusia. WOP Challenge 2018 da erronka hori: maratoiko munduko errekorrak hausten saiatuko da gizon eta emakumez osotutako talde bat, 400 metroko txanda emoteak osotuz, Bilboko Kale Nagusian bertan, irailaren 22an. Ekimen honek kirolaren gorentasuna eta WOPek sustatutako balioak buztartzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu