Joseba Gotzon Ameriketara bueltauko da

Bizkaie! 2018-09-07 08:15   Musikea

Hamaika kontzertu eskainiko ditu Mexikon eta Argentinan.

Joseba Gotzon Ameriketara joango da barriro, garagarrilean Kuban bira bat egin ondoren. Irailaren 21ean hasiko dan nazinoarteko bira honetan, Desioraren kaia izeneko diskoa aurkezten jarraituko dau. Pop-rock lan hau erotismoan inspirauta dago eta disko honetatik Besarkagarria singlea eta bideo klipa argitara emon zituan, danak youtuben ikusgai. Rio de Janeiroko IMFstudiok egindako bideo horretan Daniela Bartolomé, Igor Corrales, Amaya Barrientos, Virginia González, Borja Lino eta Dafrosa Etohak eta aktoreek parte hartu eben.

Portugaletearrak bere diskografiaren zenbait kantu be abestuko ditu, batez be, Nortasuna diskoan grabau zituanak; lan horrek gerra zibil garaiko Euskadi selekzinoaren historia dakar. Nazinoarteko jokalariek osotutako talde harek Europa eta Amerikako mapan Euskal Herria kokatu eta upealako giza-lana egin eban. Disko honek protagonismo berezia dauka bira honetan Mexikon, Kuban eta Txilen jokatu ebelako eta Mexikon jokalari gehienak erbesteratu ziralako 1939ko abuztuan. Argentinara be joan ziran baina FIFAk sinatutako konpromisoak betetea debekatu eutsen. Euskal diasporea bakarra izan zan eta Gobernu baten zerbitzura jarri zan munduko talde bakarra, jokalariek euren etorkizun oparoa sakrifikauta. Kontzertuotan publikoak Europako Jirea, FIFAren indarra, Ameriketara, Zuri, gorri ta berde edo Ilusioa izeneko kantuak entzun ahal izango ditu.

Bartzelonako XXIII. Barnasants Jaialdian zezeilaren 23an hasitako bira honek Palma de Mallorca, Pollença, Bunyola, Llucmajor, Bilbao, Laredo edo La Habana urietara eroan dau Portugaleteko autorea.


Ameriketan hamaika kontzertu eskainiko ditu Joseba Gotzonek

Irailaren 21ean, León (Guanajato). Udal Artxibo Historikoan.

Irailaren 24an, Tolucan, Nazinoarteko Poesia Jaialdian.

Irailaren 25ean, Tolucan, Nazinoarteko Poesia Jaialdian.

Irailaren 26an, Tolucan, Nazinoarteko Poesia Jaialdian.

Irailaren 29an, Mexiko DF-ko Euskal Etxean.

Urriaren 4an, San Nicolás de los Arroyoseko Rafael de Aguiar Antzokian.

Urriaren 5ean, Rosarioko Euskal Etxean.

Urriaren 7an, Paranáko 3 de Febrero Antzokian.

Urriaren 10ean, Viedmako Kasinoan.

Urriaren 11n, Patagoneseko Cagliero Aretoan.

Urriaren 12an, Viedmako udaletxean.

Bira honegaz, Joseba Gotzon hamar aldiz joan da Ameriketara eta bere lehenengo birea Mexikon egin eban. Aurretik, geldialdi batzuetan Venezuela, Uruguay, Txile, Paraguay, Brasil eta Kuba bisitau ditu, Argentinatik bere bederatzigarren birea izanik.

Azken buruan, Portugaleteko artisteak arte munduko JG FE ART proiektu barriari ekingo deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu