Hiru artistaren obrak herririk herri eroango ditu Bosteko erakusketa ibiltariak

Bizkaie! 2018-09-06 13:48   Kulturea

Luis Miguel Gómez, Koldo Etxebarria eta Jesús Lizaso aukeratu ditue aurtengo edizinorako.

Artistak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lorea Bilbao, aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, bost herritan ikusi ahal izango dira Bosteko erakusketa ibiltariko artisten obrak: Zornotzan hasi da ekimena, gaur bertan, eta ondoren, Arrigorriaga, Leioa, Basauri eta Getxon be ikusi ahal izango da. Iñigo Sarriugarte da komisarioa eta Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen daben esentziak izenburupean batu ditu Basaurin jaio eta hazitako hiru artista beteranoren lanak.

Aurtengo Bosteko erakusketan parte hartzeko aukeratutako hiru sortzaileek ibilbide luzea dabe artearen munduan. Luis Miguel Gómezek, Koldo Etxebarriak eta Jesús Lizasok, artelanen bidez, norbere barrukaldera begiratzeko bidea eskaintzen dabe, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek azaldu dabenez. Bakardade isilduarazo batez dana estaltzen dabe eta ikusleari bere barruko mundura laguntzen deutsie. 

Basaurigaz lotura estua daben artistak dira hirurak eta hango giro industrialaren eragina agiri da euren lanean. Dana dala, inguruko paisaiara baino, norbere barrura begiratzeko gogoa da Bosteko erakusketarako egin dituen obren ezaugarria.

Jaioterri berekoak ez eze, belaunaldi berekoak be badira, 1955 eta 1961 urteen artean jaiotakoak dira eta. Teknikeari jagokonez, ostera, desbardintasunak dagoz. Luis Miguel Gómez eta Koldo Etxebarria margolariak dira eta, Jesús Lizaso, eskultorea. 3D dimensinoko koadro figuratiboetatik eskultura abstraktura bitartekoak batu ditue Bostekon.

Bosteko programearen aurreko edizinoetan pasau danaren kontrara, oraingo honetan artistek eurek jo dabe komisarioagana, erakusketa kolektiboa egiteko proposamena aurkezteko. Iñigo Sarriugartek Gómez, Etxebarria eta Lizasoren eskaintzea ontzat jo eta holan jaio da 2018ko Bosteko.

Irailaren 23ra arte egongo da Bosteko Zornotzan, Zelaieta Zentroan. Ondoren, Arrigorriagako Euskaldun Berria aretoan (irailaren 25etik urriaren 14ra), Kultur Leioan (urriaren 16tik zemendiaren 4ra), Basauriko Ariz torretxean (zemendiaren 6tik abenduaren 2ra) eta Getxoko Torrene aretoan (abenduaren 5etik 30era) ikusi ahal izango da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu