ETB2 eta ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izango dira

Bizkaie! 2018-09-03 10:51   Kulturea

Gobernuak adierazo dau milaka nafarren eskariari erantzun deutsiela.

ETB3-ko '3txulo' saioko pertsonaiak (argazkia: EiTB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Telebistaren beste kanal bi ikusi ahal izango dira laster Nafarroa osoan, Foru Gobernuak abuztuaren 29ko batzarrean erabagi dauenez. TDT telebistearen lizentzietan egindako aldaketa batzuei esker zabaldu ahal izango da seinalea lurralde osoan.

Izan be, Nafar Telebistak 2016ko urrian emitiduteari itxi eutsan, bideragarritasun arazoak tarteko, eta ia urte bi geroago kendu egin deutsie TDT bidezko lizentzia. Hartara, libre geratu dan leku horretan ETB2-ren seinalea sartuko dabe.

ETB2 kanal autonomikoentzako tartera pasau izanak beste hutsune batzuk be itxi ditu Nafarroako lekuan lekuko multiplex-etan. Hori aprobetxauta, ETB3 be Nafarroa osoan ikusi ahal izango da laster. Euskera hutsezko edukiak emoten ditu ETB3-k, gehienbat umeei eta gazteei zuzenduak.

Gogoan izan behar da, ETB1 2016ko urritik ikusi leitekela foru erkidegoan. ETB3 be eskualde batzuetan ikusgai egongo da lehendik: Lizarra, Zangoza, Tutera eta Tafallako eremuetan, hain zuzen.

ETB2 eta ETB3 telebistan ikusi nahi daben nafarrek euren TDT hargailuak barriro sintonizau beharko ditue. Nafarroako Gobernuak ez dau zehaztu noz hasiko diran emisinoak, baina laster izango dala aurreratu dau, irailean.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren bozeroaleak zehaztu dau operazino honek guztiak ez dauela kosturik izango eta, ganera, nafarren eta Euskal Telebistaren arteko lankidetzea indartuko dauela. Olloren arabera, ETBren eskaintzea zabalduta, milaka nafarren eskariari erantzungo deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu