Joana Vasconcelosen 'Lilicoptère' Guggenheimera heldu da

Bizkaie! 2018-07-27 12:15   Kulturea

Artista portugaldarraren Zure ispilua naiz erakusketea osotzeko ipini dabe formatu handiko obra hau.

'Lilicoptère', Bilbora heldu barri (argazkia: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 29tik ikusgai dago Bilboko Guggenheim Museoan Joana Vasconcelos artista portugaldar garaikidearen obren erakusketa zabala, baina gaurtik aurrera pieza bat gehiago dauka. Eta ez edozelako piezea, Lilicoptère artelana formatu handikoa, konplexua eta ikusgarria da eta.

Lilicoptère Swarowski erako kristal edo beira-alez estalita dago eta itxura exotikoa emoten deutsien luma handi batzuk be baditu ganean. Funtsean, helikoptero baten formea dauka.

Lan hau Antxinako Erregimenaren azken aldiko errege-erreginen estetikaz zipriztinduta dago: aberatsa, glamourrez betea eta ausarta da, eta animalia bilakatu dan makinearen metamorfosia iradokitzen dau, hau da, gizakiari hegaz egiteko desioa sorrarazi eutsan jatorrira eta inspirazinora bueltetan gaitu, adierazo dabe Guggenheim Museotik.

Zure ispilua naiz erakusketan agirian geratzen danez, gaur egungo munduaren ikonoak eta eguneroko bizitzako objektuak erabilita, Joana Vasconcelosek artelan koloretsu eta deigarriak sortzen ditu, gaur egungo gizartean pil-pilean dagozan gaien inguruko gogoetea egiteko. Enrique Juncosa Bilboko erakusketako komisarioaren arabera, Vasconcelosentzat obrearen esangurea da oinarria, formea baino. Era horretara, XX. mendeko jokera nagusiari bueltea emon deutso, azken urteotako beste artista batzuek egin daben legez.

Emakume eta artista izatea, nortasuna, bizitzearen alderdien arteko kontrastea, irudian oinarritutako mundu garaikidea... gogoetarako gai ugari jorratzen ditu Vasconcelosek, gaurkotasun handikoak. Bere obra asko handiak izaten dira, koloretsuak eta distiratsuak. Bilbora heldu barri dan Lilicoptère, hain zuzen be, era horretakoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu