Bilboko taldeak, euskerea eta emakumeak nagusi Aste Nagusiko Pop Rock Erakustaldian

Bizkaie! 2018-07-19 09:28   Musikea

Aurten, emakumezkoen presentzia daben interprete eta taldeen kopururik handiena dago, hamaseitik zazpi taldetan.

Bizkaiko Metal eta Pop-rockeko taldeek lekua izaten jarraituko dabe 2018ko Aste Nagusian Bilboko Udalak antolatutako Bertoko Pop-rock Erakustaldiaren 33. edizinoari esker. Danetara, Bizkaiko 16 taldek beteko dabe Bilborock aretoa abuztuaren 18tik 25era. Egunean kontzertu bi egingo dira, 20:00etan eta 21:00etan, eta sartzea librea izango da aretoa bete arte.

Bilboko Udalaren helburua da talde gazte eta ez profesionalen lana babestu, euren talentua zabaltzeko plataformea izan eta hasten dagozan taldeen proposamenak zuzenean eta doban entzuteko aukerea emotea ikus-entzuleei: Hogeita hamairu urte geroago, Erakustaldiaren filosofiak bere horretan darrai, bai eta balorazino ona eta taldeek erakutsitako lehiaketan parte hartzeko interesa be. Ehun taldek baino gehiagok emon dabe izena eta horrek esan nahi dau jaialdi honen historiako parte-hartzaileen kopururik handiena izango dala adierazo dau Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak aurkezpenean.

2018an, euskerea eta emakumezkoen presentzia dira aurreko edizinoetako kopuruak gainditu dituen faktoreetako bi. Izena emon daben talde guztien artean, 36k euskerea erabilten dabe euren burua adierazoteko, igaz baino hamar gehiago, eta 28 taldek ditue emakumeak kideen artean, igaz baino zortzi gehiago.

Aukeratutako talde eta artisten artean, Bertoko Metal eta Pop-rockeko Erakustaldiak Aste Nagusiko kartel batean emakumezkoen presentzia daben interprete eta taldeen kopururik handiena dauka, hamaseitik zazpi; guztira hamahiru emakume dagoz kartelean eta euren proiektuen buru. Euskereari jagokonez, taldeetako lauk berbetan euskerea erabilten dabe.

Jatorriari jagokonez, aurten Bilboko taldeak dira nagusi, hamaseitik hamahiru baitira bertokoak. Ganerako aukeratuak Uribe-Kostakoak dira (Wicked Wizard), beste bat Durangaldekoa (Nevadah) eta Gernika-Lumoko ‘Maren’ kantautorea.

Izena emon daben taldeei jagokenez, 57 Bilbokoak dira eta ganerakoak, 45, Bizkaiko beste herri batzuetakoak: Ezkerraldeko 11 talde, Uribe-Kostako zortzi talde eta Eskuinaldeko, Nerbioi Garaiko, Busturialdeko, Enkarterriko, Durangaldeko, Arratia-Nerbioiko, Meatzaldeko, Lea-Artibaiko eta Txorierriko taldeak.

Epaimahaiak taldeen kalidade handia eta azken urteotako izakera eklektikoa azpimarratu dau. Hard-rock, R'n'R eta Metalaren maila handia da alderdi guztietan, estiloen fusinoa aurrera doa, Popa eta Indiea sendotzen dagoz eta beste estilo batzuk finkatzen doaz, adibidez Rapa eta Soula.


Kontzertuak Bilborock aretoan

Hasteko, Negracalavera taldearen Punk-High Rock’N’Rolla eta Wicked Wizzard taldearen Stonerra, eta gero soinu leunagoak, adibidez Moikave taldearen Blues Rocka eta Dudu Ouchen taldearen Soula. Poparen ordezkari ugarien artean nabarmentzen dira Marenen ahotsa, Debajo del Paraguas taldearen Pop-rock estiloduna eta Yo, Gerard taldearen Indie Popa. Eta, azken urteotan lez, Rapa ez da faltako Xatiroren eskutik.

Era berean, Hard Rock’n’Blues bizienaren muina Nevadah eta Free The Wheel taldeen eskutik etorriko da. Mugako soinuak Mushkum taldeagaz, Funkagaz buztartutako Rockaren jaia Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeakaz eta soinu gogorrenak Aste Nagusiko azken egunetarako: Valkyria, Heavy Metal tradizionalagaz, Hex Death Metalagaz eta, amaitzeko, Black Ocean Witness taldearen Deathcorea eta Gudazaleak taldearen Hardcorea.


Egutegia

- Abuztuaren 18a, zapatua (ROCK&ROLLA, STONER ROCKA): NEGRACALAVERA, Bilbo + WICKED WIZZARD, Uribe-Kosta.

-Abuztuaren 19a, domekea (BLUES ROCKA, SOUL FUNKA): MOIKAVE, Bilbo + DUDU OUCHEN, Bilbo.

- Abuztuaren 20a, astelehena (POPA, POP-ROCKA): MAREN, Gernika-Lumo + DEBAJO DEL PARAGUAS, Bilbo.

- Abuztuaren 21a, martitzena (INDIE POP-ROCKA, RAPA): YO GERARD, Bilbo + XATIRO, Bilbo.

- Abuztuaren 22a, eguaztena (HARD ROCK’N BLUESA): NEVADAH, Durangaldea + FREE THE WHEEL, Bilbo.

- Abuztuaren 23a, eguena (MUGAKO ROCKA, FUNKSION ROCKA): MUSHKUM, Bilbo + AIZKORAK ZORROZTU & THE MIA WALLACE BAND, Bilbo.

- Abuztuaren 24a, barikua (HEAVY METALA, DEATH METALA): VALKYRIA, Bilbo + HEX, Bilbo.

- Abuztuaren 25a, zapatua (DEATHCOREA, HARDCOREA): BLACK OCEAN WITNESS, Bilbo + GUDAZALEAK, Bilbo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu