Hemen da 'Udan zinemea zure auzoan' programea

Bizkaie! 2018-07-17 10:00   Zinemea

Garagarrilaren 18an hasi eta abuztuaren 9ra arte zortzi saio programau ditue Bilboko barruti guztietan.

Bilboko Udalak, dagoeneko ohikoak diran aire libreko zinemaz gozetako saioak berreskuratuko ditu uda honetan. Eguazten honetatik, garagarrilak 18tik, abuztuaren 9ra, Udan zinemea zure auzoan programeak zortzi saio eskainiko ditu uriko barruti guztietan. Aurten, Koldo Serra, Pedro Rivero eta Pablo Berger zinemagile bilbotarrei eskainitako hiru gau izango dira.

2015ean martxan jarritako programa honen helburua auzoetako kultur eskaintzea udako jarduera bategaz zabaltzea da, kaleko kulturaz gozau ahal izateko. Uda honetarako aukeraketeak azken aldiko lanak, eta klasikoren bat be jasoten ditu, genero guztietakoak (fikzinoa, animazinoa, musikala...), euskal zinemea eta europarra, produkzino lan komertzialenak eta emakume zinemagileen presentzia garrantzitsua ahaztu barik.

Ohikoa danez, saio guztiak euskal film labur bategaz hasiko dira, eta ondoren film luzea etorriko da. Eskema horri eutsiz, aurten, ibilbide garrantzitsuko zinemagile bilbotarrei eskainitako hiru saio monografiko programau ditue; holan, Udan zinemea zure auzoan programea eguaztenean zabalduko da Indautxu Plazan, Koldo Serraren Gernika filma eskainiz, eta horregaz batera egile beraren El tren de la bruja film laburra.

Eguena Pedro Riveroren txandea izango da. Ikus-entzuleek Birdboy film laburra eta Psikonautak film luzea ikusi ahal izango ditue, biak be sari ugari jaso dituen animazinoko lanak, horreen artean, Goya saria, bakotxak bere kategorian. Saio hori Itsasadarraren ondoan eskainiko da, Erriberako Merkatuko plazatxuan-terrazan. Pablo Bergerri jagokonez, abuztuaren 9an, Santutxun ikusi ahal izango diran Mamá eta Abracadabra azken filma programau dira.

Programazinoa, orain denpora gitxi produzidutao genero guztietako filmen aukeraketeagaz osotuko da, Carla Simónen Verano 1993, Justine Trieten Los casos de Victoria, Patxo Telleriaren Igelak edo Damien Chazelleren La La Land, baita hainbat klasiko be, Jack Arnolden El increíble hombre menguante, besteak beste.

Emonaldi guztien aurretik euskal film labur bat eskainiko da. Aurtengo edizinoan lan honeek be ikusi ahal izango dira: Violeta Trincadoren Zacarias, Aitzol Saratxagaren Ziren –FANTeko azken edizinoko euskal film labur onena–, Maider Fernándezen eta María Elorzaren Gure Hormek–Euskal Zinemearen Sari Nagusia Zinebi 2016an–, Arantza Ibarraren June, eta Atxurra Taldearen Areka –Euskal Zinemearen Sari Nagusia Zinebi 2017an–.


Udan zinemea zure auzoan

Garagarrilaren 18an, Koldo Serraren gaua. Iluntzeko 21:30ean, Indautxu plazan (Indautxu): EL TREN DE LA BRUJA (2003, Euskadi, Koldo Serra, 18 min.) + GERNIKA (2016, Espainia/AEB, Koldo Serra, 110 min.).

Garagarrilaren 19an, Pedro Riveroren gaua. Iluntzeko 21:30ean, Erriberako merkatuaren kanpoaldean (terraza): BIRDBOY (2011, Euskadi, Pedro Rivero, Alberto Vázquez, 13 min.) + PSICONAUTAS (2015, Espainia, Pedro Rivero, Alberto Vázquez, 76 min.).

Garagarrilaren 25ean, 21:30ean, Ugarte plazan (Otxarkoaga): ZACARIAS (2017, Euskadi, Violeta Trincado, 13 min.) + EL INCREIBLE HOMBRE MENGUANTE (1957, AEB, Jack Arnold, 81 min.) Euskerazko azpi-tituluakaz.

Garagarrilaren 26an, 21:30ean, Ibarrekolanda Plazan (Sarriko): ZIREN (2017, Euskadi, Aitzol Saratxaga, 21 min.) + LOS CASOS DE VICTORIA (2016, Frantzia, Justine Triet, 97 min.).

Abuztuaren 1ean, 21:30ean, Sabino Arana kalean, 40-42 (Basurto): GURE HORMEK (2017, Euskadi, Maider Fernández Iriarte, María Elorza Deias, 15 min.) + VERANO 1993 (2017, Espainia, Carla Simón, 97 min.).

Abuztuaren 2an, 21:30ean, Errekalde plazan (Errekalde): JUNE (2018, Euskadi, Arantza Ibarra Basáñez, 8 min.) + LA CIUDAD DE LAS ESTRELLAS: LA LA LAND (2017, AEB, Damien Chazelle, 128 min.).

Abuztuaren 8an, 21:30ean, Funikular plazan (Castaños): AREKA (2017, Euskadi, Atxurra Taldea, 7 min.) + IGELAK (2017, Euskadi, Patxo Telleria, 98 min.). Euskaraz, gaztelaniazko azpi-tituluekin

Abuztuaren 9an, 21:30ean, Pablo Bergerren gaua Karmelo plazan (Santutxu): MAMÁ (1988, Espainia, Pablo Berger, 12 min.) + ABRACADABRA (2017, Espainia, Pablo Berger, 96 min.)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu