UPV/EHUko ikasleek liburu bi sortu ditue Azurmendi jatetxerako

Bizkaie! 2018-07-11 10:33   Jan edanak

Liburuak UPV/EHUren eta Basque Know How Fundazinoaren arteko lankidetzearen emoitzea dira



Naturaren inudeak, Intérpretes de la naturaleza
liburuak Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeari eta bertako langileei produktuak horniduten deutsiezan personak ezagutzera emoten ditu. Bestalde, Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia liburuan, sukaldaritzako sormenetan erabilitako loreak eta basalandareak jaso dira.
Naturaren inudeak, Intérpretes de la naturaleza liburuak, Arte Eder Fakultadeko ikasleek eginiko jatorrizko irudien bidez, Azurmendi jatetxeari elikagaiak horniduten deutsiezan gizon eta emakumeak aurkezten ditu; gehienak Eneko Atxaren sukaldaritzara hurreratzeko osogaiak, besteak beste, Zallako kipula gorriak, baserriko arrautzak, indabak, okelea edo arraina eta mariskoa, daroezan tokiko produktoreak dira.

Liburua UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko 9 ikaslek atondu dabe: Maider Alday, María Delgado, Janire Flores, Jone Guarrotxena, Leire Orueta, Miel Oyarzabal, José David Romero, Garazi Ruiz eta Julia Subiza. Esperientzia oso ederra izan dala autortu dabe: Bakotxak hiru produktore bisitau doguz, euren lan giroan, baserri eta portuetara joan gara, hurretik ikusteko zelan jagoten dituen euren produktuak, eta eurak ezagutu eta, gero, liburuan irudikatzeko, azaldu dabe Garazi Ruizek, Janire Floresek eta Jone Guarrotxenak.

Persona hornitzaileez gan, argitalpenean hiru Michelin izar dituan Larrabetzuko jatetxeko langileak be aurkeztu ditue: Oso liburu berezia da; jatetxeak bezeroei oparituko deutsie, elikagaien jatorria, produzidu dituen personak eta sutegietan preparau dituen personen jatorria ezagutzeko, esan dabe hiru ikasleek.


Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia

Bigarren liburuan be UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek parte hartu dabe, eta Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia izenburukoa da. Julia Subiza, Zuriñe Ibarra, José David Romero eta Nora Solaren artelana da. Argitalpenean Azurmendi jatetxean erabiltako lore eta basalandareak agiri dira: Liburua egiteko, ibilbideak egin doguz Urdaibai eta Urkiolatik, Juanjogaz batera, sukaldarietako bategaz batera; naturan bertan erakusten euskuzan euren sormenetan erabilteko batutako lore eta basalandareak, esan dau Zuriñe Ibarrak. Ikasleek argitalpenean jatorrizko irudiak eta jatorriaren, ezaugarrien eta Eneko Atxaren sutegietan emoten jakezan erabileren azalpenakaz jaso ditue.

Argitalpen biak UPV/EHUren Arte Eder Fakultadearen eta Basque Know How Fundazinoaren arteko lankidetzearen emoitzea dira. Liburuak sortzeko prozesuan, ikasleek, euren lan artistikoa irudien bidez garatzeaz gan, liburu bat atontzeak eskatzen dauen prozesu osoa be ezagutu dabe, landa lanetik hasi eta maketazinora eta inprimiduteko prozesura arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu