Otxandioko aztia zanaren ekarpena ezagutzeko bisita gidatua

Bizkaie! 2018-07-10 08:55   Kulturea

Bisitea hilaren 14an izango da 11:00etatik 13:00 bitartean, Otxandioko udaletxetik abiatuta.

Datorren garagarrilaren 14an, zapatuan, Kapanagazaleen taldeak Otxandioko Udalagaz batera Bittor Kapanagari buruzko bisita gidatua antolatu dabe.

Helburua Bitorrek egindako ekarpena modu atseginean ezagutzea da eta horretarako herrian zehar ibilalditxu bat egingo dabe; amaieran, berak idatzitako kanturen bat danon artean abestea da asmoa. Azalpenetan be Bittorren bizitzaren pasarte batzuk aitatu dira, orduko egoerea hobeto ezagutzeko.

Kontuak kontu, datorren zapatuan, hilaren 14an, lehenengo aldiz Bittor Kapanaga otxandiarraren lanak ezagutzeko aukerea egongo da bisita baten bidez. Helburua Bittorrek arlo askotan egin zituan proposamenak hurretik eta modu atseginean ezagutzea izango da.

Bittorren ekarpena arlo askotan izan da:

- Euskerearen alorrean: Araban berba egiten zan euskereari buruz proposamen bat egin eban eta bizkaiereagaz batera mendebalde izena proponidu eban.

- Euskal mundu ikuskerea: bere Euskaldunon ikuskera liburua oso sakona eta aberatsa izan zan, arlo askotan ikuspegi txundigarriak eskainiz: euskaldunen erlijino zaharra (akelarreren asmakizuna okelerrearen ordez), aran...; hiru zuhaitzen kulturea (haretxa, lizarra eta urkia), iberia biak, egun eta hilebeteen izenak, mediterraneo inguruko zibilizazino zaharrak, koloreen mundua, kosmoikuskerea ur, su eta zuraitzaren bidez...

- Euskerearen jatorria: bere hiru substratuen teoriak berba asko azaltzeko bide emon deusku eta zertzelada batzuk ezagutzea garrantzitsua da. Adibidez, IZ erroaren oparotasuna argi zentzuan (IZetu, pIZtu, IZarra, IZtant…), su zentzuan, uraren zentzuan... edo ABA erroa senidetasuna adierazoteko (nEBA, arrEBA, alABA, izEBA, osABA...) edo beste erroena: AR/UR, IL, GE... Edo zergatik euskera proponidu eban baturako eta ez euskara. Edo garapena kontzeptua zelan proponidu eta zabaldu dan batuan…

- Euskal kulturan arlo askotan laguntzen ibili zan: Durangoko Azokan, kazetari moduan, kantagintzan... Berak idatzitako kantuak, adibidez kantari honeek abestu zituen: Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek, Txomin Bengoak. Adibidez, euskera batuaren aldeko kanturik ezagunena, Araban bagare-ren berbak berak idatzi zituan eta Gontzal Mendibilek musikea.

- Herrigintzea: arlo askotan ekarpen interesgarriak egin zituan: kooperatibak (etxea, tailerra) bultzatu, zinemea sortzen lagundu...

Hau ez da Bittoren lanak ezagutzeko egindako lehenengo gauzea. 2014an, hil zanetik 3 urtera, Kapanagazaleen taldeak, kantaldi-bertsoaldi bat egin eta bere lan batzuekaz liburu bat argitaratu eban.

Azken buruan, bisita gidatuan izena emoteko: mikoletaelkartea@gmail.com edo 663 901 248 telefonoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu