Zergatik ez? Oriotik Bilbora

Bizkaie! 2018-07-06 12:42   Kulturea

Zergatik ez? egitasmoak 35-57 urte bitarteko 32 emakume batu ditu erronkara.

Zergatik ez? Oriotik Bilbora. Argazkia: Bidelan | Ikusi handiago | Argazki originala

Norberaren erronka txikiei aurre egin erronka nagusiari aurre egiteko. Horixe da Zergatik ez? egitasmoak dakarrena datorren eguenetik, hilaren 12tik 15era bitartean: Lau etapa eta 198 kilometro. Orio-Bilbo-Orio ibilbidea arraunean osotzea da helburua.

Trainerua, aldagelak, erropa eta entrenatzaileak. Baliadabide askoren beharra egoan. Emakume talde honek, ostera, lehen paladatik erakutsi dau zailtasunei aurre egiteko arazorik ez dabela. Lehen minututik erakunde pribatuek konfiantza handia erakutsi dabe egitasmoan: Bidelan, Promociones B. Martija, Bodega Katxiña eta La Caixako Gizartekintzak beharrezkoak diran baliabideak eskuragarri izatea ahalbidetu dabe. Era berean, Orioko Arraun Alkarteak eta Orioko Udalak erraztasun eta babes osoa eskaini deutsee. Bestalde, Eusko Jaurlaritzeak Tknikaren eta FP Euskadiren bitartez Tknika, gure perla baltza trainerua itxi deutsee. Eta, zelan ez, herritarrak; eten barik arraunlariak hauspotuz eta animetan ibili diranak. Bidelagun, guztiak.


Paladaz palada

Proiektuak 2017ko maiatzan emon zituan lehen pausuak; 40 urte betetzear ziran emakume talde batek zeozer berezia egiteko nahia eban. Ez, ostera, beti egiten diran tabernako jai, bidaia edo antzerakorik. Gure ingurumenagaz lotutako zeozer egitea. Oriotarrak izanik aurraunagaz loturea euki eikeala pentsau genduan, azaldu dabe Zergatik ez? taldeko partaideek.

Bilera eta mezu askoren ondoren, Orioko Arraun Alkarteagaz batzea pentsau eben. Ateak berehala zabaldu ziran: 'Orioko Arraun Alkarteari gure idea azaldu eta gustau egin jaken. Guk gogoa eta pasinoa erakutsi geuntsen eta eurek esperientzia. Hori bai, baldintza bi jarri euskuezan mahai gainean: 25 emakume batzea eta Oriotik Bilbora arraunean joateko erronkeari baietz esatea. Berehala baiezkoa emon geuntsen, azpimarratu dabe

2017ko garagarrila zan, arraun denporaldia bete betean. Kanpainea egitea pentsatu eben esku arteko baliabideakaz. Herriko neskakaz harremanetan jarri eta erantzuna bikaina izan zan. Danetara, 43 emakume azaldu ziran prest erronkeari aurre egiteko. Ilusinoak eta bildurrak buztartuz idea sinplea proiektu bilakatu zan, Zergatik ez? izenburupean. Urtekerako estatxea esku artean zan dagoeneko.

Erakunde pribatuen laguntzinoari esker proiektuak formea hartu eban; Orioko Arraun Alkarteak eta Orioko Udalak entrenetako leku parebakoa eskaini eta irailean entrenamenduak abian ziran. Gure garapen fisikoaz arduratzen diran bost entrenatzaile doguz bidelagun. Horretarako, entrenamendu fisikoak eta teknikoak egin doguz. Imanol Arruti da gure prestatzaile fisikoa eta hilebetez hilebete helburuak jarten joan da. Helburu horreek talde lana izan dabe oinarri. Zarauzko Bikoteen Herri Krosak, Orioko Traineru Jatsiereak eta Lilatoiak eskatutako zailtasunei aurre egin  geuntsen. Entrenamendu teknikoari jagokonez, hutsetik hasi gara. Hasieran fosoan ikasi dogu arraun teknikea eta, geldiro-geldiro, ibaira eta itsasora egin dogu salto. Lehen hilebeteetan Txiki traineruagaz ibili ostean, martitik aurrera Eusko Jaurlaritzeak utzitako Tknika traineruan ibili gara, adierazo dabe.

Zorakeria hutsa emoten ebana egi bilakatzeko gitxi falta da. Erronkeari aurre egingo deutsien 35-57 urte bitarteko 32 emakumek esfortzu fisiko eta mental handia egin dabe, izan be, seme-alabakaz, familiagaz, bikotekideagaz edota lagunakaz egoteko denporea murriztu behar izan dabe.


198 kilometro eta lau etapa


Garagarrilaren 12a, egun seinalatua da Zergatik ez? egitasmoko 32 emakumeentzako: 198 kilometro eta lau etapa. Orio-Bilbo-Orio ibilbidea arraunean osotzea helburu. Egunean 6-7 ordu inguru arraunean txandak eginez.

Lan egiteko momentua goiza eta arratsaldeko lehen zatia: Olatua ez da samurrena arraunerako,
baina, goizean goiz abiatuta, haizea bare antzean egoten da eta, beraz, ez dogu uste hainbesteko eragina izango dauenik.

Eguenean, goizeko 07:00etan, emongo deutsie hasierea erronkeari Oriotik. Lehen etapan, 52
kilometro egingo ditue Bermeorainoko bidea osotuta. Barikuan, goizeko 07:30ean abiatuko dira
Bermeotik eta Portugaleteraino joango dira. 56 kilometro guztira. Tartean, 12:00etan, Bilboko
portuan harrerea egingo deutsee. Hirugarren etapea 64 kilometrokoa izango da. Luzea eta gogorra. Egun honetan Portugalete eta Ondarroa artean osotuko dabe ibilbidea. Azken etapea, domekan, laburrena izango da, 26 kilometro ingurukoa. Ondarroan hasi eta Orion amaituko dabe ibilbidea. Zergatik ez? trainerua 12:30ean helduko da, Bisiguaren Egunagaz bat eginez, jai handia espero da Orioko plazan.

Erronkeari ekiteko egun gitxi falta diran honetan tensioa, gogoa eta ilusinoa da nagusi arraunlari eta prestatzaileen artean. Esperientzia ederra da eta oso gatx egiten jaku pentsetea egun gitxi barru amaituko dala. Espero dogu lanak bere emoitzea izango dauela, izan be, ilusino eta iraunkortasunez lan egiteak helburua betetera eroan behar gaitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu