Alde batetik bestera Mongoliako estepan

Zigor Aldama 2018-04-27 12:04   Bidaide

Bizitzea gogorra da, onartu dau Hurelbaatar-ek, baso bat vodka eskuan; horren gogorra ze, gero eta mongoliar gehiagok lagaten dabe bizimodu nomadea urira joateko.

Amaitu da negua!. Uuganbatar-ek, nagiak kentzen dituan bitartean, udabarria heldu dala iragarri dau, familiagaz batera bizi dan yurta-ren kanpoaldean zero azpitik 18 gradu dagozan arren. Antza danez, hori nahikoa da neguko kanpamendua ixteko, Mongolia mendebaldeko estepa urrunean kokatua. Hortaz, egurrezko korteak eskaintzen dauen babesleku apala itxi eta udabarriko egoitzara joateko ordua da. Beragaz doaz emaztea, seme biak, hamar zaldi, dozena bi jak eta 500 ardi eta ahuntz inguru. Negu ona izan da, hotz handiegirik be ez da egon -bataz besteko tenperaturea zero azpitik 25 gradukoa izan da, zero azpitik 42ra be bajatuta-, eta ez dira abere asko hil, kontau deusku.

Ez da erraza negu mongoliarrean bizirautea. Planeta guztiko gogorrenetan bigarrena da, Errusiako Siberia eskualdekoak baino ez dau gainditzen. Hemen tenperaturea ez da gradutan neurtzen, minututan baino. Eskuak eta oinak izozteko behar diran minutuetan. Zero azpitik 10 graduan ordu batzuetan eusten jako, zero azpitik 40 graduan hamabost minutu eustea upealakoa da. Halandabe, Uuganbatar kapaz da eskunarru barik lan egiteko eguzki-izpiak giroa berotzen hasi aurretik. Baigalmaa emaztearen laguntzinoagaz, yurta -Mogolian ger esaten deutsie- desmontetako ordu erdi be ez dau behar.

Lehenengo telazko eta feltrozko geruzak, estepa bihozbako mendi-magal baten bizirauten laguntzen dabenak. Ondoren, familiaren altzari apurrak eta berogailu-sukaldea, tximinia eta guzti. Azkenik, egurrezko egitura erradiala eta errifle artisaua, ardien inguruan dabizan otsoak ehizatzeko erabilten dabena. Familiaren kamioi errusiarrean hori guztia kargau, eta motorra manta bategaz tapetan dabe, martxan ipintea odisea bat ez daiten izan. Berez odisea bat dira ger-a montauko daben lekurainoko ehun kilometroak.

Goizeko 08:30ak dira eta dana dago prest alde egiteko. Egunotan jaio diran bildotsak kontuz erabili behar diranez, horreek dira kamioira igon dituen azkenak. Amaren berotasunaren faltan, Gengis Khan-en lurraldean geratzen diran 800.000 nomadetako askok bildotsak berokiaren barruan sartzen ditue bidaiarako. Euren semeen parekoak dira ia. Daukagun abelburu kopuruak esaten dau zein dan gure bizi-mailea. Urian jenteak dirua dauka, bankuan gordeta, guk abereak daukaguz eta babestu egin behar doguz bizirauteko, azaldu deusku Uuganbatar-ek.

Orain dala ordu batzuk urten dau zaldian Pureyvat seme nagusiak Davaasuren amamagaz, ganerako artaldea eroateko. Egunsentia baino lehen abiatu dira eta ilundu eta gero helduko dira. Kamioiak erdibidean topau ditu, oraindino izotz azpian dagozan mendiek inguratutako haran baten. Alkarri irribarre egin deutsie, eta, keinu horregaz, bekainen arteko leia jausi jako semeari. Beste leku bateko edozein personak aspaldi emongo eban amore, baina eurentzat negu epel bat baino ez da.

Handik ez oso urrun, Hurelbaatar be martxan jarri da. Berarentzat be, etxe-aldaketea errutinearen parte da. Azken baten, familiak urtean sei edo zazpi bidar aldatzen dau lekuz. Natureak agintzen dau noz eta nora aldatu. Abereek jateko zeozer izan daien mobidu behar gara eta, ganera, neguan babestuta eta udan aire zabalean egon behar dau, azaldu dau 52 urteko gizon horrek. Kaxmir artileagaz ateratzen dau bizimodua.

64.000 tugrug (21 euro) pagetan deuskuez artile kilo bakotxeko, eta ahuntz bakotxak 300 gramo inguru produziduten ditu. Gitxi dan arren, ardiak hazi eta esnea eta okelea saltzea baino errentagarriagoa da. Bizitzea gogorra da, onartu dau Hurelbaatar-ek, baso bat vodka eskuan, ger-a ordu eta erdi eskasean montau eta gero. Horren gogorra da bizitzea ze, gero eta mongoliar gehiagok lagaten dabe bizimodu nomadea herrialdeko uri apurretako batera joateko. Batez be gazteek, ikasi eta bizimodu hobea nahi dabe. Ez deutset ezer arpegiratuko, ze lehen ganaduak ondo biziteko aukerea emoten eban, baina orain urian aukera hobeak dagoz, dino.

Pixkanaka, teknologiak nomaden egunerokoan lekua egin dau. Batetik, orain ohikoak dira ibilgailuak -lehen etxe-aldaketak zaldian edo gameluan egiten ziran-, bestetik ger-etan elektrizidadea dago eguzki-plakei esker. Gure bizimodua goitik behera aldatu dabe. Lehen lotara joaten ginan iluntzen ebanean, baina orain telebistea eta DVDetako pelikulak ikusi geinkez, kontau dau haren seme Delgersuren-ek.

Aho biko ezpatea da hori, baina. Telebistak eta telefono mobikorrek -lurralde gehienean estaldurarik ez dagoan arren- gazteak uriko bizimodua idealizau dabe, ez dituelako gauza txarrik ikusten. Hortaz, hara doaz lan bila eta azkenean alkoholismoan eta desesperazinoan jausten dira. Eta ez dago ezer txarragorik nomada batentzat, ganadu guztia saldu eta trukean urian etxea erostea baino. Horregaitik, gu natureagaz bat biziko gara, hotzak hilten gaituen arte, azpimarratu dau Uuganbatar-ek, barre artean eta matrailak gero eta gorrituago, tenperaturearen eta vodkearen arteko kontrastearen ondorioz. Zeozegaz berotu behar gara, dino barriro barrez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu