Fant-ek hainbat jarduera eskainiko ditu

Bizkaie! 2018-04-26 10:51   Zinemea

Erakusketak, FX makillaje ikastaroak eta Joe Danteren ganeko biografiaren aurkezpena izango dira.

Iñaki Marquinaren argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Datorren maiatzaren 4an abiatuko da Fant 24 jaialdia eta aurreko edizinoetan egin daben moduan, tokiko beste eragileakaz lankidetzan, aisirako hainbat jarduera programau ditue, fantasiazko giroa aretotik kanpora eroateko eta zaleen topaketea bultzatzeko asmoz.  

Holan, programazino gehigarriaren barruan, jaialdiaren lehenengo egunean, 13:00ean, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, Joe Dante: En el límite de la realidad liburua aurkeztuko dabe. Sartzea librea izango da.

Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, ordu eta leku berean, Emakumeen zuzendaritzea zinema fantastikoan izeneko topaketea egongo da, Vanesa Fernández Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiko zuzendariak gidatuta. Honeek parte hartuko dabe bertan: Issa López zinemagile mexikarrak, Itziar Castro antzezleak eta FANT-eko edizino honetarako aukeratutako film laburren zuzendari biek: Arantza Ibarrak eta Laura Silvak.

Beste alde batetik, maiatzaren 11n, Bastida aretoan, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak FX makillajearen ganeko masterclass bat atondu dau Arte Eszenikoen Teknikarien Alkarte Profesionalagaz (ATAE) batera, antzezpen lanaren osogarri moduan. Miriam Martín La noche del virgen (2016) filmaren protagonisteak eskainiko dau.

Antolatzaileek dinoenez, fantasiazko eta bildurrezko film bat grabetan danean, makillajea ezinbesteko osogaia da, alde guztietatik. Dana aldatzen da karakterizazinoaren arabera. 'La noche del Virgen' pelikulan Medearen personaiaren kasuan esaterako, personaiak jasoten dauen eraldaketea ezinezkoa izango litzateke Bacon SFXeko taldearen laguntzino barik. Ikastaro honetarako sarrerea librea izango da.

Azkuna Zentroko laborategi aretoak, ganera, Iñaki Marquina artista bilbotarraren argazki erakusketea jasoko dau maiatzaren 4tik 12ra. Honetan, Paisajes entrópicos bere bildumearen aukeraketea batzen da. Bertan, erraz ezagutzen diran Bilboko eta Bizkaiko elementu arkitektonikoak fabulazko paisajeakaz eta muturreko natureagaz buztartzen dira, irudi harrigarriak eta fantasiazko imajinariotik hur dagozanak sortuz.

Aurreko edizinoetan egin daben moduan, San Mames Zumardiko 6an dagoan Kazeta jatetxeak, FANT menu berezia eskainiko dau zinemaldiak irauten dauen bitartean.

Kazeta jatetxeagaz batera, ganera, Vía de Fuga tabernea izango da zinemaldiko ikus-entzuleen eta konbidatuen topalekua. Maiatzaren 5ean, gauerditik aurrera, Soinu Banda saioa eskainiko dau Aránzazu Calleja DJak. Horrezaz gan, gaurtik aurrera, Jorge Ronda Suberviolak egindako zinema fantastikoko personaien irudien erakusketea be jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu